Mundua -

Mexiko

Mexikok duela bi urteko lurrikararen 369 hildakoak ekarri ditu gogora

2017ko irailaren 19an, 7,1 graduko sismo handi batek herrialdeko erdigunea astindu zuen. 1985ean, egun horretan bertan, beste lurrikara batek gutxienez 10.000 hildako eragin zituen.

Mexikarrek 2017ko lurrikararen biktimak gogorarazi dituzte. Argazkia: EFE.
Mexikarrek 2017ko lurrikararen biktimak gogorarazi dituzte. Argazkia: EFE.
Mexikarrek 2017ko lurrikararen biktimak gogorarazi dituzte. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikok 2017ko irailaren 19an herrialdeko erdigunea astindu zuen lurrikara handiak eragindako 369 hildakoak ekarri ditu gogora, ostegun honetan; izan ere, bi urte bete dira sismo hura gertatu zenetik. Egun horretan bertan, irailaren 19an, baina 1985ean, beste lurrikara gogor batek gutxienez 10.000 hildako utzi zituen, gehienak Mexiko Hirian, hiriburuan; horiek ere izan dira omenaldi-ekitaldietan parte hartu dutenen gogoan.

Hala, duela bi urte, 7,1 graduko lurrikara batek 369 lagun hil zituen, horietako 228 Mexiko Hirian. Mexikoko erdigunean izan zuen epizentroa, Puebla eta Morelosen artean. 32 urte lehenago, aldiz, Guerrero estatuan epizentroa izan zuen 8,1 graduko sismo baten ondorioz gutxienez 10.000 lagun hil ziren.

Urteurrenaren harira, simulazio handia egin da Mexiko Hirian, eta hainbat herritarrek salatu dute, sare sozialen bidez, akatsak izan direla alerta sismikoaren bozgorailuetan. Twitterren, ehun herritarrek baino gehiagok ohartarazi dute Miguel Hidalgo eta Tlalpan bezalako guneetan sirenak ez direla behar bezala entzun; guztira, 12.200 sirena zeuden hirian, alertaren berri emateko.

Herritarrek esan dute sirenak "oso urrun" zeudela, edo "ez zirela aktibatu".

2017tik, ez da izan jardunbide usteletarako zigor handirik , eta ez da hobetu detekzio sismikoaren sarea. Mexiko Hiria, arauei dagokienez, duela bi urte bezala dago ia-ia; orduan, lurrikarak irregulartasun handiak utzi zituen agerian.

Berreraikitze- eta konponketa-lanak motel doaz, eta arduradunek inpunitatea dute oraindik, EFEri aditu batzuek jakitera eman diotenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Mexiko argazkiak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Lurrikarak gaur Hondamendi naturalen biktimak