Mundua -
Arabiar Udaberria
G8k 20.000 milioi dolar agindu dizkio Egiptori eta Tunisiari
"Ekialde Hurbilean eta Ipar Afrikan ematen ari diren aldaketek Europa Ekialdeko eta Zentraleko herrietan gertatukoen antzekoak izan daitezke, eta baliteke aldaketari atea zabaltzea", G8ren arabera.
Erredakzioa
G8k 20.000 milioi dolar (14.140 milioi euro) emango dizkie 2011 eta 2013 urteen artean Egiptori eta Tunisiari erreforma ekonomikoak eta demokratikoak gauzatzeko, G8ren azken zirriborroaren arabera.
20.000 milioi dolarreko laguntza horretan ez da sartzen Europako Batzordeak eta AEBek agindutako laguntza. 20.000 milioi dolar horiek Munduko Bankuak, Europako Inbertsio Bankuak, Europako Berregituraketarako eta Garapenerako Bankuak eta Banku islamiarrak emango dute.
Halaber, G8k “nabarmen” handituko ditu “Arabiar Udaberria” izenaz ezagutu dena abiatu zuten herri horiei emango dizkieten laguntzak.
"Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean izaten ari diren aldaketak historikoak dira, eta Ekialdeko eta Erdialdeko Europan Berlingo harresia erori ondoren izan ziren moduko aldaketei atea irekitzeko aukera ekarriko dute", AEBetako, Errusiako, Alemaniako, Frantziako, Japoniako, Erresuma Batuko, Kanadako eta Italiako agintariek Frantziako Deauville (Normandia) herrian bilduta adostu duten adierazpenaren arabera.