Mundua -
Frantziak baieztatu egin du
Hiru frantziar bahitu dituzte Yemenen, GKE bateko langileak
Bertako agintarien arabera, pistoladun talde batek harrapatu ditu. Hiru alemaniar eta britainiar bat bahituta daude 2009ko ekainetik.
Erredakzioa
Armadun gizonezkoen talde batek hiru frantziar (bi emakumezko eta gizonezko bat) bahitu dituzte Yemengo hegoekialdean, segurtasun indarren iturrien arabera. Hirurak Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) bateko langileak ziren.
Bahituek Siun hirian egiten zuten lan, Hadramut probintzian. Lurralde hori ospetsua da Al Kaidako jarraitzaile ugari daudelako.
Iturriek ez dute bahituak nortzuk diren eta zein GKErentzat lan egiten duten argitu, eta erasotzaileak nortzuk izan diren ere ez dakitela ziurtatu dute.
Parisen, Kanpo Ministerioko bozeramaile batek hiru herritarren desagerpena baieztatu du, gertatutakoaren inguruko xehetasunik eman gabe.
Yemengo segurtasun zerbitzuek zabaldutakoaren arabera, pistoladun talde batek frantziarren ibilgailua geldiarazi eta bertatik jaistera behartu zituzten. Ondoren, Siun hiriaren inguruko basamortu batera eraman zituzten.
Yemenen tribuek atzerritarrak bahitzea sarri gertatzen da. Horren bidez, agintariak presionatu eta senitartekoak askatzea lortu nahi dute. Yemen Arabiar penintsulako herririk pobreena da eta azken asteetan Ali Abdalah Sale presidentearen kontrako protestek oihartzun handia lizan dute.
Yemenen bahituta dituzte hiru alemaniar eta britaniar bat. 2009ko ekainaren 12an harrapatu zituzten Alemaniako mi neskato, bi moja eta Hego Koreako beste batekin batera. Azken hirurak hilda aurkitu zituzten bahitu eta denbora gutxira; bi neskatoak, aldiz, 2010eko maiatzean askatu zituzten.