Mundua -
AEBetan
Pentagonoa hornitzen duen enpresa nagusiak zibereraso bat jaso du
AEBetako Gobernuari defentsarako material teknologikoa saldu ohi dio Lockheed Martin Corp enpresak. Honen baieztatu duenez, "gure bezeroen datu pertsonal bat ere ez da arriskuan egon".
Erredakzioa
Lockheed Martin Corp AEBetako defentsarako material teknologikoaren hornitzaileak jakitera eman duenez, joan den astean enpresaren informazio sistemek eraso informatiko garrantzitsu bat jasan zuten.
Lockheed Pentagonoaren lehen hornitzailea da eta mila milioi dolarreko kostua duten borroka egiteko hegazkinak, gerrarako ontziak eta arma sistemak ekoizten ditu. Gainera, bost kontinenteetan saldu ohi ditu.
Eraso informatikoa joan den maiatzaren 21ean izan zen, konpainiako segurtasun taldeak eraso "garrantzitsua eta etengabekoa" antzeman zuenean. Berehala sistemak babesteko neurriak hartu zituzten, enpresak agiri baten zabaldu duenez.
Adituen ekintza azkarrari esker, enpresaren "sistemek ziurrak izaten jarraitzen dute". Lockheed Martin Corpek baieztatu duenez, "gure bezeroen, programen nahiz langileen datu pertsonal bat ere ez da arriskuan egon". Gainera, AEBetako Gobernuak guztiaren berri duela gaineratu dute.
Bestalde, AEBetako Defentsa Sailak azaldu duenez, lanean ari dira segurtasun sistemetan izandako akatsa zein den jakiteko. Hala ere, erasoak eragindakoa "txikia" izan dela azpimarratu du.