Mundua -
Frantzia
Polizia-funtzionario batek lau agente hil ditu labanaz Parisen
Frantziako hedabideen arabera, poliziek erasotzailea tiroz hil dute. Erasoaren nondik norakoak argitu gabe daude oraindik.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek gutxienez lau polizia hil ditu ostegun honetan labanaz, Parisko Prefekturan izandako eraso batean, Polizia sindikatuko iturriek jakinarazi dutenez. Erasotzailea polizia egoitzan administrazio lanetan 20 urte daramatzan funtzionario bat da.
Erasoaren ondoren, polizia batek erasotzailea tiroz hil du metrailadore batekin, Notre Dame aurrean dagoen Prefekturaren barruan. Sindikatuko iturrien arabera, erasotzaileak bere bulegoan hasi du erasoa eta ondoren Prefekturako beste geletako langileei eraso die.
Polizia sindikatu batek azaldu duenez, erasotzaileak bere bulegoan abiatu zuen erasoa, eta, ondoren, Prefekturako beste geletan eman zion jarraipena. Une horretan (13:00ak), polizia-etxea lepo zegoen.
Eraikina hustu dute ikerketa erraztezko, eta segurtasun tartea ezarri dute Parisko gune turistikoenetariko baten inguruetan. Oraindik ez dago argi zer dela-eta jazo den erasoa, baina badirudi ez duela terrorismoarekin zerikusirik.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Christophe Castaner Barne ministroa bertaratu egin dira.