Mundua -

Kronika Mexikotik

Narkotrafikatzaileak, nagusi Mexikon

Ezagutu berri den inkesta baten arabera, gaizkileak agintariei nagusitu zaizkiela uste dute herritarrek.

Iñigo Bilbao Sagastiberri

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikon herritarrak beldurrez bizi dira herrialdeak sufritzen duen segurtasun ezagatik. Egoera 2009 urtean bizi zutena baino larriagoa dela uste dute mexikarrek. Izan ere, herritarren %58k uste du gaizkile talde armatuak Armada mexikarrari gailendu zaizkiola, gobernu federalak segurtasun eza gainditzeko martxan jarritako gerran. Horixe egiaztatu dute, herritarrek segurtasunaz duten iritzia ezagutzeko Mexiko osoan egin berri duten inkesta bati esker.

Inkesta honen arabera, sei mexikarretik batek ezagun zuen gaizkileen kontrako gerraren ondorioz hil diren milaka lagunetako baten bat. Herrialdearen iparraldean are larriagoa da egoera, herritarren laurdenak ezagutzen baizuen hildakoren bat.

Gainera, inkestari erantzun diotenen artean %29 dira aurreko hiru hiletan modu batera edo bestera erasoen biktimak izan direnak, beraiek zuzenean edo senideetako batek sufritu dituelako. Hildakoak ere ez dira gutxi. Herritarren %7,5ak senitarteko bat galdu drogatrafikatzaileen kontrako gerraren ondorioz.

Inkesta Delinkuentziaren kontra Mexiko Baturik elkartearen aginduz egin dute, eta bertan egiaztatzen denez, herritarren erdiak baino gehiagok (%53,9) aitortu dute beraiek bizi diren tokian erreza dela, nahi izanez gero pistola bat lortzea.

Galdeketa Consulta Mitofsky enpresak egin du. Beraiena da, baita ere, 2009an gai beraren inguruan egindako inkesta.

Hiriburuko hotel batean egindako agerraldian, Roy Campos, Mitofsky enpresako arduradunak azaldu du herritarren heren bat drogak legeztatzearen aldeko hautua egin dutela inkestari erantzuterakoan.

Jasotako datuak esanguratsuak dira: Segurtasun ez da, une honetan, mexikar gehienen kezkarik handiena. Aurreko urtean, 2010ean, arazo ekonomikoek larritzen zituzten mexikarrek, 26 puntuko aldearekin segutasun ezarekin alderatuz gero. Gaur azken arazo honek hartu du aurrea, puntu batengatik.

Camposek azaldu zuen, galdeketari erantzun diotenen artean gehienak (%71) militarren alde agertu direla. Horien ustez soldadu gehiago behar dira herrialdeko hiri nagusietan. Alta, asko dira, %67, Estatu Batuetako agenteak nahi ez dituztenak, eta haiei Mexikoko ateak itxi behar zaizkiela uste dutenak.

Gauzak horrela, erantzun egin dutenen artean ia erdiak (%45) uste du hedabideek ez dutela egia osoa esaten indarkeriak eragiten duen hondamendiaren gainean, eta heren batek bakarrik (%34,4) uste du irratiak eta telebistak egia esaten dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea