Mundua -

Ziber-erasoa

Sony beste eraso informatiko bat ikertzen ari da

Dirudienez, SonyPictures.com atariko milioi bat erabiltzaileri eragingo lioke erasoak. Webgunean sartu eta pasahitzak, helbide elektronikoak eta jaiotza datak lapurtu omen dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sony konpainia japoniarra ''hacker''en beste eraso bat ikertzen ari da. Enpresak jakinarazi duenez, kasu honetan SonyPictures.com pelikulen atariari eragingo lioke erasoak eta milioi bat inguru erabiltzaileren datu pertsonalak lapurtu dituzte.

Sonyko bozeramaile batek azaldu duenez, ikerketa prozesua abian da dagoeneko. Sony pirata informatikoen jomugan dago apirilaren erdialdean 100 milioi erabiltzaileren datuak lapurtu zituztenetik.

LulzSec hacker taldeak bere gain hartu du ustez gaur goizaldean egindako erasoa. PlayStation Network bideojoko sarea matxuraren ostean martxan jarri eta ordu gutxira gertatu da.

LulzSecek azaldu duenez, zifratu gabe zeuden datu pertsonalak hartu dituzte Sonyren pelikula zerbitzutik. Kyodo albiste-agentziaren esanetan, piratek milioi bat erabiltzaileren helbide elektronikoak, pasahitzak eta jaiotza datak lapurtu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea