Mundua -
Hiriburutik 920 kilometrora
Ehunka ebakuatu Txilen, Puyehue sumendia erupzioan hasi ostean
Hainbat hamarkada geldirik egon ostean, jarduera sismiko altua tarteko, Txileko hiriburutik 950 kilometro ingurura dagoen Puyehue sumendia erupzioan hasi da eta 3.500 lagun ebakuatu dituzte.
Erredakzioa
Txile hegoaldean Puyehue-Cordon sumendia erupzioan hasi ostean, inguruko herrietan ebakuazio plan masibo bat martxan jarri dute agintariek eta aireportu bat ere itxi behar izan dute.
Santiago de Txile hiriburutik 920 kilometrora dagoen sumendiaren erupzioak ez du ez hildakorik ezta zauriturik eragin, Larrialdietarako Bulego Nazionalak azaldu duenez.
Material harritsuarekin eta labarekin batera Puyehue-Cordonek 10 kilometrorainoko altuera eta bosteko zabalera hartu duen errauts zutabea ere jaurti du. Haizearen eraginez gainera, errautsak Argentina aldera, Bariloche gune turistikora zabaltzen ari direla azaldu dute agintariek.
Erupzio hasi baino ordu batzuk lehenago, zortzi kilometroko radioan 600 bat lagun beren etxeetatik gune "seguruago" batzuetara eraman dituzte prebentzio neurri moduan. Gehienak larrialdiari aurre egiteko egokitu dituzten aterpetxeetan daude.
Ordu batzuk beranduago, Txileko Gobernuak ebakuazio gunea zabaltzea erabaki du. "Ebakuazioa zabaltzen ari gara (...) eta modu honetan 3.500 lagun izango dira beren etxeetatik kanpo daudenak sumendiaren aktibitatea dela eta", azaldu dute larrialdi zerbitzuetatik.