Mundua -
Protestak, Sirian
Gutxienez 120 pertsona hil dira Sirian, protestetan
Hildako gehienak segurtasun indarretako kideak dira, eta Damascotik ipar-ekialdean emandako eraso baten ostean hil dira.
Erredakzioa
120 lagun hil dira gaur Yisr al Shagurren, Damascoko ipar-ekialdean (Siria); gehienak segada batean eroritako eta "gerrila armatuen erasoen ondorioz" hildako segurtasun indarretako kideak dira, Siria Estatuko telebistak jakinarazi duenez.
Yisr al Shaguren (Edleb probintzia), segurtasun indarren eta ehunka gizon armaturen arteko istiluek jarraitzen dutela azpimarratu du telebistak. Gizon armatuek metrailadorak erabiltzen dituzte.
Zortzi hildako posta zerbitzuko zaindariak dira. Gas bonbonak erabili dituzte gizon armatuek erasoa egiteko.
Lehenago, erasotzaileek Yisr al Shagureko bizilagunak ezkutu gisa erabili dituztela salatu du Siriako telebistak. Herriko zenbait etxetan babestu eta soldaduen eta zibilen aurka tiro egin dute erasotzaileek.
Armadak berehala esku hartzea eskatu dute bizilagunek. Horietako askok Latakiara ihes egin dute, Mediterraneoko kostaldera, laguntza eskatzeko.
Shamek gezurtatu du
Bestalde, gerrilla armatuen eraso bat denik gezurtatu du Sham oposizioko taldeak Facebook sare sozialean.
Gerrilla armatuak Siriako hiri guztietan dauden segurtasun indarrak direla esan du Shamek. Interneten diren ehunka bideoak horren lekuko direla erantsi du oposizioko taldeak.
Edozein eraso armaturi "irmo eta indartsu" aurre egingo diotela ohartarazi du Mamad Ibrahim al Shar Siriako Barne ministroak.