Mundua -

Iruzkina

Islandiak politikari bat epaituko du krisiagatik

Geeir H. Haarde lehen ministro ohiari akats larria egitea leporatzen diote finantza krisian egindako kudeaketagatik, banketxeak ez kontrolatzeagatik.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geeir H. Haarde Islandiako lehen ministro ohia epaituko dute finantza krisian egindako kudeaketan akats larria egiteagatik.

Haarde lehen ministro kontserbadorea zen Islandiako banketxeak neurriz kanpo hazi ziren garaian. Eredu neoliberala jarraituz, Islandiako finantza sektorea desregulatu egin zuten, hau da, Gobernuak muzin egin zion banketxeak kontrolatzeari eta horiek nahi izan zutena egin zuten. Dirutzak berehala lortzea helburu, banketxe horiek finantza logika guztiak gainditu zituzten, ero moduan eman zituzten maileguak eta, dirua lortzeko, neurriz kanpoko interesak hitz eman zituzten.

Atzerriko bezeroek, britainiarrak eta herbeheretarrak batez ere, dirua sartu zuten Islandiako banketxeetan interes tasa altu horiek erakarrita. Trikimailu guztiak porrot egin zuenean, Islandiak beste herrialde batzuen kontrako bidea egin zuen: diru publikoarekin banketxeak erreskatatu beharrean, behea jotzen utzi zitzaien.

Azkenean, emaitza berbera da: Islandiako bezeroei dirua itzultzeko, Gobernuak zor handia pilatu behar izan du, banketxe horiek ez baitzuten xentimorik eta bankarien ondarea ez baita nahikoa.

Islandiarrek erreferendumean erabaki zuten atzerriko bezeroei dirurik ez ematea, baina islandiarrek bai, berreskuratu dute dirua. Horren ondorioz, nazioarteko salaketa jarri diote Britainia Handiak eta Herbehereek Islandiari.

Haarderi, krisiaren arduradun izateagatik epaituko duten lehenengo politikariari, banketxeek porrot egingo zutela zioten oharrei entzungor egitea leporatzen diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea