Mundua -
Hauteskundeak Suitzan
Eskuin muturra nagusitu da Suitzan, alderdi ekologistek gora egin badute ere
Suitzako sistema politikoan, ohikoa da erreferendumak egitea oinarrizko gaien inguruko erabakiak hartzeko. Inoiz baino hautagai gehiago aurkeztu dira.
Agentziak | Erredakzioa
SVP Suitzako Alderdi Popularra nagusitu da igande honetan herrialdean egin dituzten hauteskunde legegileetan, botoen % 25,8 lortuta, alegia, duela lau urte baino 3,6 puntu gutxiago, zenbaketa ofizialaren arabera. Testuinguru horretan, nabarmena da alderdi ekologistek izan duten gorakada.
SVPren atzetik, SP Suitzako Alderdi Sozialdemokrata geratu da, botoen % 16,6 eskuratuta (aurreko hauteskundeetan baino 2,2 puntu gutxiago). FDP alderdi liberalak botoen % 15,3 lortu ditu (1,1 puntu gutxiago), eta berdeek botoen % 13 lortu dituzte (5,9 puntu gehiago). CVP Suitzako Alderdi Krista-Demokratak botoen % 11,4 lortu ditu (0,2 puntu gutxiago).
Hori dela eta, eskuin muturrak 200 eserlekuetatik 54 (11 gutxiago) kontrolatuko ditu Parlamentuan, Alderdi Sozialdemokratak 38 (5 gutxiago) eta alderdi liberalak 29 (4 gutxiago). Berdeek 28 ordezkari izango dituzte, eta Alderdi Kristau-Demokratak 25.
Hala, eskuin muturra nagusitu bada ere, ezkerreko alderdi aurrerakoiek gorakada nabarmena izan dute inoiz baino hautagai gehiago (4.600 inguru) aurkeztu diren hauteskunde legegile hauetan.
"Gure aurreikuspenak gainditu ditugu, zalantzarik gabe", nabarmendu du Lisa Mazzone alderdi berdeko presidenteordeak. "Oso pozik gaude, kaleetan lortu dugun mobilizazioa boto bihurtu delako. Emaitza historikoa da", azpimarratu du.
Suitzako sistema politikoan, ohikoa da erreferendumak egitea oinarrizko gaien inguruko erabakiak hartzeko.