Mundua -

Hauteskundeak Bolivian

Moralesek bigarren buelta saihesteko garaipena lortu du

Boliviako presidenteak joan den igandean egindako hauteskundeak irabazi ditu, Carlos Mesa oposiziogilea 10 puntutan gaindituta. Oposizioak baina, "iruzurra" salatu du.

Evo Morales prentsaurrekoan aste honetan. Argazkia: EFE
Evo Morales prentsaurrekoan aste honetan
Bere garaipena 'konstituzionala' dela dio Moralesek, iruzur salaketen aurrean

1:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Evo Morales Boliviako egungo presidenteak hauteskundeen bigarren itzulia saihesteko beharrezko botoak eskuratu ditu, eta joan den igandean egindako hauteskundeetako irabazlea bihurtu da, Hauteskunde Auzitegi Gorenak zabaldutako azken zenbaketaren arabera, botoen % 99,99 zenbatuta.

Botoen % 47,07 eskuratuta, Morales 10,56 puntura kokatu da Carlos Mesa oposiziogilearen aldean, botoen % 36,51 eskuratu baititu. Botoen % 0,01 baino ez dira falta zenbatzeko eta, beraz, egoera atzeraezina da.

Herrialdeko hainbat hiritan lau eguneko protestak eta bi eguneko lanuzte mugagabea egin ostean, Mesaren zein Moralesen jarraitzaileek kaleetan aurre egiten jarraitzea espero da, hauteskundeen ondoren bizi den ziurgabetasun politikoaren ondorioz.

Oposizioak hauteskundeen "iruzurra" salatu du, eta protestek bigarren itzulia egin arte jarraituko dutela berretsi du. Hautagai batek ere ez bazuen beharrezko abantaila lortzen bigarren buelta hori abendurako aurreikusita zegoen.

Alarmak piztu ziren hauteskunde gauean, aurretiazko hauteskunde-emaitzak transmititzeko sistema 23 orduz eten zenean. Sistemari berriro ekin ziotenean, aldaketa eman zen ofizialismoaren alde, eta askok "ezin azalduzkotzat" jotzen dute aldaketa hori.

Oraingoz, zortzi dira zaurituak istiluen ondorioz. Herrialdeko bederatzi departamendutik zortzitan suteak izan dira Hauteskunde Auzitegien egoitzetan edo haien inguruetan. Poliziak, berriz, mobilizazioei "eusteko" agindua jaso du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Bolivia