Mundua -
HAUTESKUNDEAK ARGENTINA
Alberto Fernandez 'peronista' da Argentinako hauteskundeak irabazteko faboritoa
Fernandez de Kirchner Etxe Arrosara itzuli daiteke, presidenteorde bezala oraingoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argentina krisi ekonomiko larri batean murgilduta dago, eta bertako herritarrek gaur erabakiko dute Mauricio Macriren Gobernuari jarraipena ematea nahi duten edo Alberto Fernandezen 'peronismora' itzuliko diren.
33,8 milioi pertsona inguru deitu dituzte hautestontzietara. Oposizioko hautagaia nagusitzen da boto-asmoari buruzko inkesta guztietan, oraingo agintariak baino 20 puntu gehiago lortuz.
Abuztuan ospatutako hauteskunde Ireki, Aldibereko eta Derrigorrezkoetan (PASO) Fernandez, Nestor Kirchnerren Kabineteko buruzagi ohia, 16 puntu aurreratu zitzaion Macriri.
Hauteskundeen garaileak botoen % 45 baino gehiago jasotzen baditu, edo sufragioen % 40, aurkaria baino 10 puntu gehiago lortuz, 'balotajea' deritzona (Argentinako hauteskunde sistema berezi bat) saihestuko duela ezartzen du herrialde horretako legediak.
Aliatuak, berriz
Hautagai 'peronista' moderatutzat hartzen dute bere alderdian, baina argentinar askok Cristina Fernandez de Kirchner agintari ohian jarri dute fokua, herritar gehienak harritu baitzituen ez zela berriz aurkeztuko iragarri zuenean.
Erabakia deigarria izan zen, oraingo hautagaiak alde egin baitzuen agintari ohiaren Kabinetetik 2008an, esportazioen prezio-igoerak eragindako krisi orokorragatik.
Oposizioko hautagaiak herrialdearen kanpo-zorra negoziatzea proposatu du, kredituen muga-egunak zuzenduz.
Horrez gain, gizarte-gastua zabaldu, soldatak igo, interes-tasak murriztu eta herrialdea superabit batera bideratu nahi du.
Igoeraren bila
Mauricio Macri presidentearen ospea kolokan dago 2018ko apiriletik, herrialdea pairatzen ari den zailtasun ekonomikoen ondorioz.
BPGa % 3 jaitsiko da gutxienez eta langabeziak % 10a gainditzen du. Boterera iristean bere merkatuaren aldeko erreformek Argentinako ekonomia suspertuko zutela eta finantzen egitura arazoekin bukatuko zuela agindu zuen Macrik.
Bere premisa nagusietako bat inflazioarekin bukatzea zen. Hala ere, inflazioa % 25etik % 50era igo da 2015etik. Baliabide faltan zeudenen egoera hobetzea ere agindu zuen, baina pobrezia ere % 29,2tik % 35era igo da epe berean.
Hala ere, hautesleen % 30aren babesa izaten jarraitzen du. Agintaria babesten dutenek bere Gobernuak ustelkeria murriztea lortu duela ere uste dute, aurreko agintaldiarekin alderatuz.
Inkestei buelta emateko asmoa du Macrik, baina bigarren itzulian ere zailtasunak izango ditu Fernandezi irabazteko.