Mundua -
Ezbeharra
Gutxienez 65 pertsona hil dira Pakistan iparraldean, tren batean izandako sutean
Suak trenaren hiru konpartimentu kiskali ditu, janaria prestatzeko konboian gas bonbona bat lehertu ostean. Hainbat pertsona zauritu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 65 pertsona hil eta beste hainbat zauritu dira ostegun honetan Pakistan iparraldeko Rahim Yar Jan herrian tren batean izandako sutean, Geo TV telebista kateak jakitera eman duenez.
Tokiko agintarien esanetan, suak trenaren hiru konpartimentu kiskali ditu, janaria prestatzeko bagoian gas-bonbona bat lehertu ostean.
"Bi bonbona lehertu dira sukaldean. Janaria prestatzen ari ziren eta zartaginean olioa zuten. Horrek sua bizitu du", adierazi du Rashid Ahmed Pakistango Trenbide ministroak. "Trena martxan zegoela salto eginda hil dira pertsona gehienak”, esan du Ahmedek, eta sua berehala itzali dutela jakinarazi du.
Baqir Husain ezbeharra izan den barruti horretako larrialdietarako zerbitzuko buruak hildakoen kopurua baieztatu du, eta gorpuak DNA proben bidez identifikatuko dituztela azaldu du.
Imran Jan Pakistango lehen ministroak, bere aldetik, doluminak eman dizkie hildakoen senideei, eta zaurituak ahalik eta ondoren artatzea espero duela esan du.
ISPR Harreman Publikoetarako Zerbitzuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Armadako kideak bidali dituzte ezbeharra izan den lekura, erreskate lanetan laguntzeko.
"Pakistango Armadako soldaduak Administrazioarekin elkarlanean ari dira erreskatean laguntzeko. Armadaren helikoptero bat iritsi da istripua izan den lekura", azaldu du ISPRk ohar horretan. "Pakistango Armadako medikuak ere zaurituak artatzen ari dira", gaineratu du.
Bestalde, Aijaz Ahmad Pakistan Railwayseko zuzendari exekutiboak azpimarratu du ezbeharrak ez duela eraginik izango gainerako trenen ordutegian.