Mundua -

Migrazioa

Osasun-prestazio zorrotzagoak Frantzian, migratzaile irregular eta errefuxiatuentzat

Emmanuel Macronen Gobernuaren helburua da iruzurraren eta abusuen aurka borrokatzea. 2020tik, halaber, europarrak ez direnei lan-baimenak emateko, kuotak ezarriko dituzte urtero.

Plan berria asteazken honetan aurkeztu dute, Frantzian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Plan berria asteazken honetan aurkeztu dute, Frantzian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Ipar Euskal Herriko alderdiek eta herritarrek Macronen immigrazio-plana dute hizpide

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak, iruzurraren eta abusuen aurka borrokatzeko helburua argudiatuta, egoera irregularrean dauden migratzaileentzako eta asilo-eskatzaileentzako osasun-prestazio batzuetako kontrola mugatu eta zorroztuko ditu.

Asteazken honetan eman dute horren berri, immigrazioa aztergai izan duen hainbat ministeriok osatutako batzorde bat amaituta. Halaber, baieztatu egin dute Frantziak, 2020tik aurrera, kuotak ezarriko dituela urtero, europarrak ez diren herritarrei lan-baimenak emateko, langileak zein arlotan behar diren kontuan izanik.

Guztira, hogei bat neurri dira, eta horien xedea da, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, "gure migrazio-politikaren kontrola berreskuratzea".

Ezkerrean, Emmanuel Macron presidentearen alderdiko parlamentari batzuen artean ere (mehatxua egin dute, esanez aukera dagoela aurkako botoa emateko), polemika sortu du neurrietako batek, bereziki: asilo-eskaria aurkeztu dutenei, lehen hiru hilabeteetan, osasun-prestazioak mugatzea.

Epe horretan, premiazko arreta soilik jasoko dute; asmoa da eskaera mediku-arrazoiengatik egiten dutenei estimulua kentzea.

Estatuko Laguntza Medikua izenekoaren onuradunen egiaztapenak zorroztuko dituzte, "paperarik gabeko" migratzaileei dagokienez; baimen mediku espezifikoa izan beharko dute tratamendu jakin batzuk jasotzeko, begi-lausoetako edo belauneko ebakuntzetarako, edo fisioterapia saioetarako, besteak beste.

Frantzian bisa turistiko batekin sartzen dutenek eta herrialdean irregular moduan geratzen direnek ezin izango dute Estatuko Laguntza Medikuaren onuradunak izan bisa iraungi eta hiru hilabetera, gutxienez.

"Immigrazio profesionala"

Eztabaidagarria izaten ari den beste erabaki bat da urtero ezarriko direla "immigrazio profesionalerako zifra kuantitatiboak edo kuotak".

Phillipek, kritika horietaz jabetuta, nabarmendu du kuota horiek ez direla ezarriko nazionalitateen arabera, baizik eta lanbideen arabera; kontuan izango dute zein lanbidetarako ez duten enpresek langileak topatzen Frantzian.

Frantzian modu irregularrean sartzen diren migratzaileen kopuruari erreparatuta, immigrazio profesionala zati txikia da; hain zuzen ere, 2018ko datuei dagokienez, emandako 255.550 bizitoki-baimenen % 13.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Iparraldea bideoak Frantzia berriak Eguneko albisteak Albisteak Frantziako presidentea azken ordukoa Errefuxiatuak Giza eskubideak Frantziako Gobernua