Mundua -
Iruzkina
Kolpe ederra jaso du Berlusconik
Lau erreferendumak galdu ditu. Italian, abstentzio altua dela eta, erreferendumen emaitzek baliorik ez izatea da ohikoena. Oraingoan ordea, italiar gehienak joan dira botoa ematera.
Jesus Torquemada
Berlusconi lehen ministroak jaso duen kolpea egundokoa izan da. Lau erreferendumak galdu ditu.
Italian, abstentzio altua dela eta, erreferendumen emaitzek baliorik ez izatea da ohikoena. Oraingoan ordea, italiar gehienak joan dira botoa ematera eta emaitza biribila izan da.
Berlusconiri Justiziari ihes egitea baimentzen zion legea baliogabetzen duena da emaitzarik garrantzitsuena. Orain arte, epaileek deklaratzera deitzen zutenean gai ofizialekin lanpetuta zebilela esan zezakeen Berlusconik.
Oso garrantzitsua da, baita ere, energia nuklearraren gaineko emaitza. 1987an italiarrek, erreferendum bidez, ezetz esan zieten zentral atomikoei. Berlusconi energia mota hori erabili nahian zen orain, baina italiarrek ezetz esan dute berriz ere.
Eta gainontzeko bi erreferendumak, itxuraz gai txikiago baten ingurukoak ziren, baina garrantzia handikoak, hala ere: uraren pribatizazioa. Herrialde askotan egiten ari da. Boliviaren kasuan, esaterako, errebolta herrikoiak eragin ditu.
Italiarrek ezetz esan diote euren uraren pribatiazioari eta guzti horrekin, dimisioaren bidea erakutsi diote Berlusconiri.