Mundua -
Eskandaluaren ostean
Anthony Weiner AEBetako batzarkideak dimititu egin du
"Ordezkari gisa dimisioa aurkeztu dut", adierazi du New Yorkeko batzarkide demokratak. Sexu-eskandalu batean protagonista izan da, Twitter sare sozialean mezuak eta argazkiak zabaldu eta gero.
Erredakzioa
AEBetako Ordezkarien Ganberan duen eserlekua utzi du Anthony Weiner New Yorkeko batzarkide demokratak, sexu-eskandalu batean protagonista izan ostean. Twitter sare sozialean mezu eta argazkiak partekatu zituen Weinerrek.
"Ordezkari gisa dimisioa aurkeztu dut", adierazi du Weinerrek, Brooklyngo barrutian duen bulegoan emandako prentsaurrekoan.
"Barkamena eskatu nahi dut nire akatsengatik eta nire auzotarrei eta hautesleei eragin diedan lotsagatik, baina bereziki, barkamena eskatu nahi diot nire emazteari", esan du Weinerrek. Bere adierazpenaren ostean Weinerrek ez die galderei erantzun.
Weinerrek 46 urte ditu, eta bere ibilbide politikoari amaiera jarri dio gaur bere adierazpenekin, 20 urte politikari eman ostean, New Yorken. 1985etik Chuck Schumer senatariarekin lan egiten zuen.