Mundua -
Greziako krisia
Merkelek eta Sarkozyk hartzekodunak deitu dituzte Greziari laguntzeko
Agintariok esan dute Greziaren erreskaterako diru-laguntzen programa lehenbailehen onartzea espero dutela.
Erredakzioa
Angela Merkel kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak adierazi dute gustatuko litzaiekeela hartzekodun pribatuek "euren borondatez" parte hartuko balute Greziaren erreskatean laguntzen.
Biek esan dutenez, espero dute Greziarentzako diru-laguntzen sorta lehenbailehen prest egotea, Greziaren egoeraren txosten teknikoa eskuartean izan eta gero, Europako Banku Zentralak (EBZ) esandakoarekin bat eginez.
"Hartzekodunak parte hartzea nahi dugu, baina borondatezkoa izatea. Berriz azpimarratu nahi dut borondatezkoa izan behar duela oinarrian, ez dugulako sortu nahi ordainketa-etendurarik eta EBZrekin batera egin nahi dugu", Merkelek prentsaurrekoan esan duenez.
Bai Merkelek eta bai Sarkozyk azpimarratu dute espero dutela lehenbailehen onartzea Greziarentzako diru-laguntza sorta, behin Greziaren egoeraren txosten teknikoa eskuartean izan ostean, Europako Banku Zentralak (EBZ) esandakoaren arabera.
Hartzeokun pribatuen parte hartzearen inguruan galdetu dutenean, Sarkozyk esan du momentuz zaila dela zehaztea, baina benetan garrantzitsua dena Frantzia eta Alemaniaren arteko akordioaren "lau printzipioak" direla.
Lau printzipio horiek, presidente frantziarraren arabera, euren borondatez egitea, ez ulertzea kredituaren ezordainketa bat bezala, EBZrekin elkarlanean aritzea eta Greziarentzako konponbide bat lehenbailehen topatzea.
Burtsek gora egin dute
Diru merkatuetan izan den euforia giroa zabaldu da, azken egunetan urduritasuna eta mesfidantza nagusi izan ostean. Alemaniaren eta Frantziaren arteko akordioaren berri zabaldu denean, erabat aldatu da merkatuen joera.
Burtsa guztietan gorriak ziren zenbakiak berde bihurtu dira oso denbora gutxian eta Alemaniak eta Frantziak Greziari laguntza emateko akordioa lortu dutela zabaldu denean burtsetan irabaziak nagusitu dira; % 2 gora egin du Madrilgoak eta %1 inguru Europako nagusiek.
Arrisku sariak berriz behera egin du. Merkatuek arnasa hartu dute, baina adituek diote egoera ez dela aldatu eta arazoek hortxe segitzen dutela.