Mundua -

Europako Batzordea

Europako Parlamentuak argi berdea eman dio Von der Leyenen Europako Batzordeari

Jean-Claude Juncker ordezkatu du karguan, aldeko 461 boto lortu ostean. EAJk alde bozkatu du; eta EH Bilduk, kontra.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, bere taldearekin batera. Argazkia: Efe
Ursula von der Leyen, bere taldearekin batera
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, bere taldearekin batera. Argazkia: Efe

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak asteazken honetan onartu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente berri gisa, aldeko 461 botorekin, kontrako 157rekin eta 89 abstentziorekin; guztira, 707 boto eman ditu.

Europako Parlamentuaren babesarekin, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidente izandakoaren lekukoa jasoko du datozen bost urteetarako, eta abenduaren batean hasiko da lanean.

Ursula von der Leyenek asteazken honetan iragarri duenez, datorren urtearen hasieran aurkeztuko du minbiziaren aurkako Europako plan "handi" bat; erkidego mailan horrelako estrategia bat proposatzen den lehen aldia da.

"Europak zuzenduko du minbiziaren aurkako borroka. Datorren urtearen hasieran (Europako Osasun komisario berriak) Stella Kyriakidesek minbiziaren aurkako plan handinahi bat aireratuko du ", iragarri zuen alemaniarrak bere hitzaldiaren berritasun nagusietako bat izan denean.

Von der Leyenek bere agintaldiko lehentasunen eta gobernu-arlo bakoitzaz arduratuko diren bere taldeko kideen errepasoa egin du bere hitzaldian; besteak beste, Josep Borrell espainiarra aipatu du, Kanpo Politikarako bere goi ordezkaria izango dena, "esperientzia duen diplomazialari" gisa, eta harekin kontatzea eskertu du.

Von der Leyenek hitzeman du Legebiltzarrarekin eta estatu kideekin lan egingo duela "belaunaldi honen erronka definitzaileei" heltzeko; besteak beste, krisi klimatikoa aipatu du, "auzi existentziala" dela esanez.

Digitalizazioaren arloan eta adimen artifizialaren erregulazioan ere aurrerapausoak agindu ditu. "Datuak babesteko araudi orokorrarekin arau esparru bat sortu genuen munduarentzat, eta orain adimen artifizialarekin ere egin dezakegu", adierazi du.

EAJ, alde; EH Bildu, aurka

EAJk Estatu mailako ia alderdi gehienekin egin du bat bozketan (PSOE, PP eta Ciudadanos) eta Von der Leyenen alde bozkatu du. EH Bilduk, berriz, aurka bozkatu du, Unidas Podemosek, ERCk eta Voxek bezalaxe.

Izaskun Bilbao EAJren europarlamentari bakarrak azpimarratu du inoizko Batzorde parekideena izango dela, eta "emakumeen ikuspuntutik kudeatzea" eta "herritarren Batasunaren baloreak" erakustea espero du.

Bestalde, Pernando Barrena EH Bilduren diputatu europarrak adierazi du kontra bozkatu duela Von der Leyenen Gobernuak "ez duelako autodeterminaziorako eskubidea errespetatuko, eta ez dielako herstura neurriei eta klima aldaketari aurre egingo".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Europa Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua