Mundua -

Analisia

NATO porroterako bidean, Afganistanen eta Libian

Afganistanen tropak dituzten kide gehienak ohartu dira talibanei ezin dietela gerra irabazi eta Karzairen Gobernua ez dela fidatzekoa. Beste porrot bat lortzeko bidean da NATO, Libian.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NATO jada ez da gerrarik irabazteko gai. Obamak gaur iragarriko du Afganistango tropa estatubatuarren atzera-egitea. 2014rarteko epea izango dute bertatik irteteko eta ez da beraz, presaka egingo baina beste hainbat aliatu bizkor irtengo dira Afganistandik.

Honako ondorioetara iritsi dira bertan soldaduak dituzten NATOko kide gehienak: ezin dietela talibanei gerra irabazi eta Hamid Karzairen Gobernua ez dela fidatzekoa. Beste porrot bat lortzeko bidean da NATO, Libian. Erakundearen kanpainak 78 egunez gainditu du, iraunaldiari dagokionean, Kosovoko 1999ko misioa. Garai hartan bete zuen helburua; kosovotarrak zapaltzen zituzten Serbiako tropek atzera egin zezaten lortzea. Libian, aldiz, NATOk ez du azken helburua bete; ez du Gadafi agintetik kentzea lortu eta ez dirudi lortuko duenik.

Lortu du, ordea, Nazio Batuek ezarritako helburua: Gadafiren aldekoek zibilen aurka eraso egitea saihestearena. Libiako misioan parte hartzen duten NATOko herrialdeen nekea bistakoa da.

Batek baino gehiagok, tartean Holandak eta Norvegiak, iragarri dute datozen asteotan egingo dutela atzera. Beste zenbait herrialdek aurrekontu arazoak nabarmendu dituzte. Gizarte gastuak murriztu behar diren garai hauetan zail izango da Libian bonbak botatzearen gastua justifikatzea. Are gehiago, NATOk egindako azken bonbaketetan biktima zibilak izan direla baieztatzen bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea