Mundua -
Suteak
Keak Sydneyko zerua estali du suteen ondorioz
684 etxe suntsitu dituzte herrialde osoan zehar zabaltzen ari diren eta hiri eremu handietara, Sydneyko mendebaldea barne, hurbiltzen ari diren suteek.
Agentziak | Erredakzioa
Ehun sute baino gehiago piztu dira Australiako ekialdeko kostaldean, horietako batzuk Sydneyko periferiara heldu dira. Ostiral honetan, abenduaren 6an, ke-geruza lodi batek estali du Sydneyko zerua, eta, horren ondorioz, bertan behera geratu dira asteburuan egingo diren kirol-ekitaldiak.
Australiako metropoliko biztanle ugari, kutsaduratik babesteko beren aurpegiak maskaraz estalita atera dira kalera.
Hiriburua Sydney den hegoaldeko Gales Berrian kontrolik gabeko 46 sute txiki eman dira, horietako sei segurtasun publikoa arriskuan dagoenean aplikatzen den "behatu eta jardun" alertapean, Suhiltzaileen Landa Zerbitzuak jakinarazi duenez.
Erakundearen arabera, gutxienez 684 etxe suntsituta geratu dira estatu osoan zehar hedatzen ari diren eta hiri eremu handietara, Sydneyko mendebaldea barne, hurbiltzen ari diren suteen ondorioz.
Queensland estatuan, Australiako ipar-ekialdean, dozenaka suteek eskualdea suntsitu dute eta suhiltzaileek hainbat herri hustu dituzte.
Shane Fitzsimmonsek, Suhiltzaileen Landa Zerbitzuko mandatariak, suteen denboraldian suhiltzaileek aurre egin beharreko baldintza gogorrak azaldu ditu prentsaurreko batean.
"Abendua eta otsaila bitartean batez bestekoaren azpitiko euriteak espero ditugu, eta tenperaturak ohi baino goragokoak izango dira; horrek, zoritxarrez, suteen arriskua handituko dela adierazten du", azaldu du ordezkariak.
Sare sozialetan, #sydneysmoke (Sydneykea) etiketa baliatuz, erabiltzaileek ehunka argazki eskegi dituzte, non hiriko hainbat lekutan ke laranja ageri den zeruan.
Malcolm Turnbull lehen ministro ohiak hegazkin batetik hartutako Sydneyren argazki bat argitaratu du Instagram sare sozialean, keaz estalita, eta krisi klimatikoari egotzi dio azaroaren hasieratik herrialdea suntsitzen ari diren suen basakeria.