Mundua -

'Impeachment'

Ordezkarien Ganberak botere-abusua eta Kongresua oztopatzea leporatuko dio Trumpi

AEBetako presidenteak berretsi du "sorgin-ehizaren" biktima dela: Ukraina "ez nuen presionatu".

Nadler mikrofonoaren aurrean, Trumpen aurkako karguak iragarri dituenean. Argazkia: Efe
Nadler mikrofonoaren aurrean, Trumpen aurkako karguak iragarri dituenean. Argazkia: Efe
Nadler mikrofonoaren aurrean, Trumpen aurkako karguak iragarri dituenean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Ordezkarien Ganberak boterea gehiegikeriaz erabiltzea eta Kongresuaren lana oztopatzea leporatuko dio Donald Trump presidenteari 'impeachment' prozesuan, Jerry Nadler behe ganberako Batzorde Judizialeko presidenteak gaur iragarri duenez.

"Batzorde Judizialak bi artikulutako karguak egozten dizkio Donald Trump AEBetako presidenteari 'impeachment'aren baitan, krimen larriengatik”, adierazi du Nadlerrek, botere gehiegikeria eta Kongresua oztopatzea direla zehaztu aurretik.

Lehenengoaz, hau adierazi du: "Presidente batek bere kargua etekin pertsonala lortzeko erabiltzea, interes nazionalaren aurka edo hura aintzat hartu gabe, epaitu beharrekoa da". Nadlerren arabera, "horixe izan zen Trumpek egin zuena 2020ko hauteskundeetan, Ukrainari presioa egin ziolako hauteskudeetan parte har zezan".

Kongresuaren lana oztopatzeari dagokionez, Nadlerrek esanetan, "justiziaren gainetik, estatubatuarren gainetik eta Kongresuko 'impeachment'aren boterearen gainetik dagoela aditzera ematen duen presidente batek legearen gainetik dagoela uste du".

Hurrengo urratsa

Pelosik argi berdea eman zion Trumpen aurkako akusazio formalari. Lehenengo urratsa Batzorde Judizialak kargu-orriak idaztea da, eta gaur aurreratu du testu horren edukia.

Nadlerrek azaldu duenez, Batzorde Judiziala aste amaieran elkartuko da kargu-orriak ofizialki idatzi, eta, ondoren, Ordezkarien Ganberaren esku uzteko. Ganbera horren gehiengo sinpleak ontzat emanez gero, Trumpen aurkako epaiketa politikoa abian jarriko da, 'impeachment'a hain zuzen ere.

Hala gertatuz gero, Trumpen aurkako epaiketa Senatuan egingo da, errepublikanoek gehiengoa duten horretan. Goreneko buruak egingo luke senatariek osatuko luketen auzitegiaren presidente lana. Presidentea zigortzeko bi herenen babesa behar da, eta oso zail jotzen da hori.

"Sorgin-ehiza"

Trumpek "urduritasunak jota" egotea leporatu zion Pelosiri 'impeachment'a onartu zuenean, eta gaur berretsi egin du ez duela krimenik egin eta bere kontrako prozesua "sorgin-ehiza" dela.

"Nadlerrek esan du Ukrainari presioa egin niola 2020ko hauteskundeetan esku har zezan. Erridikulua, eta berak badaki ez dela egia. Biek ala biek, Ukrainako presidenteak eta Atzerri ministroak, askotan esan dute ez zela presiorik izan. Nadlerrek eta demokratek badakite, baina ez dute onartu nahi", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump