Mundua -
The New York Timesen arabera
Bin Ladenen eta Pakistango inteligentziaren arteko lotura aurkitu dute
Pakistango inteligentzia zerbitzuei lotutako talde bateko kideen kontaktuak aurkitu dituzte Al Kaidako buru ohia hiltzeko operazioan atzeman zuten telefono batean.
Erredakzioa
Osama Bin Laden Al Qaedako burua hiltzeko operazioan atzeman zuten telefono batek talde terroristaren eta Pakistango inteligentzia zerbitzuen arteko loturak frogatu ditu, The New York Times egunkariak argitaratu duenez.
AEBetako bi goi funtzionarioren iturriak aipatuta egunkariko agerkari digitalean jakinarazi dutenez, telefono horretan Pakistango inteligentzia zerbitzuekin lotutako talde bateko kontaktuak zeuden. Bin Ladenek Harakat-ul-Mujahedeen taldea erabili omen zuen Pakistanen babesa lortzeko.
Talde horrek Pakistango inteligentzia zerbitzuen izenean Bin Laden babestu ote zuen ari dira aztertzen orain, izan ere, Harakat taldea inteligentzia zerbitzuen babespean egon da bi hamarkadaz.
Telefonoko deiak ikertu dituzten agenteek ondorioztatu dutenez, Bin Ladenen mezulariaren telefonoan agertzen ziren Harakateko buruzagiek Pakistango inteligentzia zerbitzuetako funtzionarioei deitu zieten.
Hala ere, ABEetako goi funtzionarioek zehaztu dute ez dagoela pisuzko frogarik Pakistanek Bin Laden babestu duela pentsatzeko.