Mundua -

Erabaki historikoa

New Yorkeko Senatuak ezkontza homosexualak legeztatu ditu

Ateak itxita egin den bozketan 33 botorekin alde eta aurkako 29rekin, argi berdea eman diote New Yorken homosexualen arteko ezkontzari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

New Yorkeko estatuko Senatuak argi berdea eman dio sexu berekoen arteko ezkontzari; modu horretan, herritarrei eskubide hori ematen dien estaturik handiena da.

Bederatzi orduko eztabaidaren ondoren, ateak itxita egin dute bozketa; estua izan da, aldeko 33 boto lortu baititu eta aurkako 29. Neurri berriaren alde zeuden 29 senatari demokratei lau errepublikarren bozak gehitu zaizkie eta horrek bideratu du New Yorken homosexualen arteko ezkontzak legeztatzea.

Neurriaren alde eta aurka ehunka manifestari kalera atera direnez, bozketa egiteko Senatuko ateak itxi egin behar izan dituzte. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aldeko legislazioaren azken txanpa zen neurri hau onartzea; Andrew M. Cuomo estatuko gobernadoreak indartsu babestu duen neurria, alegia. Cuomok lege berria sinatu eta hogeita hamar egunera indarrean sartzea espero da.

Egun, Estatu Batuetako bost estatutan soilik dira legezkoak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak: Connecticut, Iowa, Masachusets, New Hamphsire eta Vermonten, hain zuzen ere; baita Columbiako barrutian ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea