Mundua -
Iruzkina
Afganistan: 2014. urtea urrunegi dago
Data hori da Obamak tropa estatubatuarren erretiratzeari jarritako muga. Hala ere, herrialdean izandako azken heriotzek talibanak jardunean ari direla gogorarazi digute.
Jesus Torquemada
2014. urtea urrunegi dago. Mendebaldeko soldaduek, Afganistandik atzera egiteari dagokionean bai behintzat. Talibanak jardunean direla gogorarazi digu bi soldadu espainiarren heriotzak. Baina kontua da azken astean bi soldadu frantziar ere hil direla. Eta bihar kanadiarren bat, alemaniarren bat edo holandarren bat hilko da.
Eta albiste iskanbilatsuak iritsiko dira, egunero bezala. Talibanek prestatutako bonba, soinean lehertu zitzaion 8 urteko neska afgandarrarenaren antzeko berriak. Edo Hamid Karzairen gobernuaren gaineko ustelkeriaren inguruko xehetasun gehiago ezagutuko da. Eta orduan dudak areagotuko dira atzerriko interbentzioaren balioaz eta baten batek galdetuko du zer dela eta itxaron behar den 2014. urterarte.
Data hori da Obamak tropa estatubatuarren erretiratzeari jarritako muga. Hasiera batean, aliatu guztiek onartu dute. Baina Afganistanen duten mendebaldeko misioak ezertarako balio ez duela da Estatu Batuetan zein Europako herrialdeetan dagoen sentsazioa; ez dituela talibanak suntsitzen eta bertako gizartearen egoera ez duela aldatzen.