Mundua -
Uda Australian
Australian 16 pertsona hil dira suteen ondorioz
Gainera, dozenaka etxebizitza suntsitu dituzte suteek Hegoaldeko Gales Berrian, herrialdearen hego-ekialdean.
Agentziak | erredakzioa
Australiako baso-suteek hiru hildako eragin dituzte asteazken honetan; guztira, 16 pertsona hil dira azken hilabeteetan, eta helikoptero militarrak itzaltze eta erreskate lanetan ari dira.
Halaber, suek dozenaka etxebizitza suntsitu eta hiru zauritu eragin dituzte Hegoaldeko Gales Berrian, herrialdearen hego-ekialdean.
Suhiltzaileak sugarrei aurre egiten eta komunitateekin harremanetan jartzen ari dira tenperaturak behera egingo duela aprobetxatuz. Izan ere, 40 gradu espero dituzte larunbaterako.
50.000 etxebizitza inguru argindarrik gabe daude Hegoaldeko Gales Berriko kostaldean, eta 2.500 suhiltzaile inguru ehundik gora suteri aurre egiten ari dira.
Daniel Andrews Victoriako gobernuburuak prentsari esan dionez, laguntza militarra, elikagaiak, ura eta erregaia bidali dituzte estatu horretan izandako suteek kaltetutako eremuetara, batez ere East Gippsland eskualdera.
Helikoptero militarrak eta Polizia eta Itsas Armadako ontziak erabili dituzte, East Gippslandeko Mallacoota herriko hondartza batean harrapatuta geratu diren milaka pertsonen ebakuazio lanetan laguntzeko.
Australiako suteek, azken hamarkadetako txarrenetakoak, hiru milioi hektarea baino gehiago kiskali dituzte irailetik.
Denboraldi honetan uda australa (abenduan hasi eta martxoan amaitzen da) baino askoz lehenago hasi dira suteak.