Mundua -
Iruzkina
Maroko: aldaketak bai, baina ez horrenbeste
Konstituzioaren erreferenduma nola joan den ikusita, badirudi agintzeko modua ez dela aldatuko nahiz eta konstituzio berria eduki.
Jesus Torquemada
Gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen. Marokon Konstituzioaren erreferenduma nola joan den ikusita, badirudi agintzeko modua ez dela aldatuko nahiz eta konstituzio berria eduki.
Hedabideak konstituzioaren alde agertu dira, ezezkoa defendatzen dutenak, berriz, irainduak eta jazarriak izan dira. Denek dakite diru publikoaz baliatuz autobusak jarriko direla han eta hemen, urrun bizi direnek botoa eman dezaten.
Ez da nahikoa baiezkoak irabaztea, hori aurrez jakina da, baiezko hori zenbatekoa den jakin behar da. Monarkia zaleek baliabide guztiak erabiliko dituzte baiezko hori oso handia izan dadin.
Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiak baiezkoaren alde agertu dira, baita islamiarren zati handi bat ere, Justizia eta Garapena alderdia hain zuzen ere. Ezezkoaren kanpaina egin dutenak Justizia eta Karitatea alderdia eta Otsailaren 20ko mugimendua izan dira.
Interesgarriak dira aurreikusi dituzten aldaketa batzuk. Adibidez, hauteskundeetan boto gehien lortu duen buruzagia Gobernuko presidente izendatu beharko du Mohamed VI.a Erregeak eta bereberea hizkuntza ofiziala izango da.
Hala ere, kontuan izan behar da erregeak botere ekonomiko eta politiko handia izaten jarraituko duela, zeren eta konstituzioaren erreforma horretan ez baita ezer esaten erregeak dauzkan enpresa, finka eta jauregiei buruz. Nolabait, arrazoia dute sakonean ez dela ezer aldatuko diotenek.