Mundua -

Hauteskundeak

Kroaziak aldaketaren alde bozkatu du, eta Milanovic presidente izango da

Zoran Milanovic sozialdemokratak botoen % 53 erdietsi ditu. Kolinda Grabar-Kitarovic kontserbadoreak, aldiz, bozen % 47 eskuratu ditu.

Zoran Milanovic sozialdemokrata. Argazkia: EFE/EPA/DANIEL KASAP
Zoran Milanovic sozialdemokrata. Argazkia: EFE/EPA/DANIEL KASAP
Zoran Milanovic sozialdemokrata. Argazkia: EFE/EPA/DANIEL KASAP

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zoran Milanovic sozialdemokratak presidentetzarako hauteskundeak irabazi ditu Kroazian. Herrialdeari norabide berri bat ematea, progresistagoa eta modernoagoa, agindu du kanpainan, Balkanetako gerren obsesio abertzalea atzean utziz. Milanovic Kroaziako lehen ministro izan zen 2011tik 2016ra bitartean.

Milanovicek botoen % 53 erdietsi ditu. Kolinda Grabar-Kitarovic kontserbadoreak, aldiz, bozen % 47 eskuratu ditu.

"Gure desadostasunetan baturik, pixkanaka-pixkanaka, irribarrez irribarre, nazio bat bihurtuko gara, txikia baina baikor eta sendoa", adierazi du Milanovicek bere jarraitzaileen aurrean, Zagreben.

53 urteko legelari eta diplomatikoak Kroazia "arrunt" bat lelopean egin du hauteskunde-kanpaina. Orain arte herrialdea normala izan ez dela uste du presidente berriak. Lehen ministro eta presidente kontserbadoreek zuzendu dute herrialdea orain arte.

Kolinda Grabar Kitarovic. Foto: EFE/EPA/ANTONIO BAT

Kolinda Grabar Kitarovic kontserbadorea. Argazkia: EFE/EPA/ANTONIO BAT

Bestalde, Grabar-Kitarovicek Milanovic zoriondu du. "Hauxe da estatu kroaziarra, odolean sortua, odolarekin mantendua, eta hala jarrai dezala", azpimarratu du bere hitzaldian.

Normaltasun berri baten aldeko Milanovicen mezuak ongi hartu dituzte, batez ere, Zagreb hiriburuan eta beste hiri handi batzuetan, herrialdeko mendebaldean eta prestakuntza handiko boto-emaileen artean.

Kroaziako presidenteak bost urteko agintaldia du, eta ikur bat da gehienbat, baina eragin handia du herrialdean eta Estatua atzerrian ordezkatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak gaur