Mundua -
Iran
50 lagun baino gehiago hil dira Soleimaniren aldeko hiletan, ihesaldi batean
Bestalde, Irango Parlamentuak "erakunde terroristatzat" jo ditu Pentagonoa eta AEBko Armada.
Agentziak | Erredakzioa
Berrogeita hamar lagun baino gehiago hil eta dozenaka zauritu dira astearte honetan, Irango hegoaldeko Kerman hirian, Qasem Soleimani jeneralaren aldeko hiletan, ihesaldi baten ondorioz, herrialdeko Larrialdietako Erakundearen arabera.
Pir Hosein Kolivand Larrialdietako Erakundearen zuzendariak Estatuko telebistari azaldu dionez, Kermanen milaka eta milaka hirritar daudelako gertatu da ezbeharra; izan ere, hiri horretan hobiratuko dute jenerala.
Ameriketako Estatu Batuek Bagdadeko aireportuan egindako eraso batean hil zen Soleimani, hilaren 3an, eta, esan bezala, milaka lagun bildu dira haren segizioan; bitartean, Irango Parlamentuak "erakunde terroristatzat" jo ditu Pentagonoa eta AEBko Armada, eta 200 milioi dolarreko partida desblokeatu du, jeneralaren heriotzagatik mendekua hartzea helburu.
Soleimanik berak bere testamentuan zehaztutako hilerrian emango diote lur jeneralari, eta beste hainbat martiri daude bertan, IRNA Irango albiste-agentziak jakinarazi duenez. Segizioan bildutakoek AEBren aurkako oihuak egin dituzte, eta mendekua hitzeman dute "hilketa planifikatu eta gauzatu zutenen aurka", agentzia horren arabera.
Milaka eta milaka irandar izan dira Teheranen jeneralaren aldeko hiletaren ekitaldietan. Ali Khamenei aiatola Irango lider goiena izan du buru zeremoniak; Khameneik berriro esan du "mendeku latza" izango dela Soleimaniren heriotzaren erantzuleen aurka, eta "erresistentziako bideak indarrean jarraituko du", gaineratu du.
Soleimani urtarrilaren 3an hil zen, Abu Mahdi al Muhandis Herri Mobilizazioko Indarretako bigarrenarekin eta Irango hainbat militarrekin eta Irakeko miliziano batzuekin batera, Ameriketako Estatu Batuek Bagdadeko aireportuan egindako bonbardaketa batean. Washingtonek argudiatu zuen "AEBk atzerrian dituen langileak babesteko" egin zuela eraso hori; izan ere, protestak zeuden AEBk Bagdaden duen enbaxadaren aurka, Herri Mobilizazioko Indarretako 25 kide hil zituen beste bonbardaketa bat salatzeko. Halaber, 25 lagun hil zituen eraso hori Kirkuk hiritik gertuko base militar baten aurka jaurtigaiekin egindako beste eraso bati erantzuteko egin zen; azken eraso horretan, kontratista estatubatuar bat hil zen.
Pentagonoa eta Ameriketako Estatu Batuetako Armada "erakunde terroristatzat" jo dituzte
Azken egunotan gertaturikoaren ostean, Irango Parlamentuak ebazpen bat onartu du, Pentagonoa eta AEBko Indar Armatuak "erakunde terrorista" izendatzeko. Horrez gain, Ganberak erabaki du 200 milioi dolarreko partida desblokeatzea, Soleimaniren heriotzagatik mendekua hartzeko.
"AEBk Soleimani jenerala hiltzeko hartutako neurri ankerraren ostean, eta presidente estatubatuarrak neurri horren ardura bere gain hartuta, aurreko legea aldatzea erabaki dugu gaur, eta Pentagonoko kide guztiak, komandanteak, agenteak eta Soleimani jeneralaren martirioaren erantzule guztiak aurrerantzean indar terroristatzat joko ditugula iragartzen dugu", adierazi du Ali Lariyani Irango Parlamentuko presidenteak.
200 milioi dolarreko partida hori Al Quds Guardia Iraultzaileari zuzenduko diote, ondorengo bi hilabeteotan, Lariyanik eta Mehr albiste-agentziak jakinarazi dutenez. Soleimani jenerala zuen buru erakunde horrek.