Mundua -
AEBetan
Exxonen hodi batek 1.000 upel petrolio isuri ditu Yellowstone ibaira
Ezbeharra larunbat goizean antzeman zuen petrolio enpresak eta ondoren hodia ixtea lordu zuela adierazi zuen. Hala ere, oraindik ez du gertatutakoaren zergatien berri eman.
Erredakzioa
Gutxienez mila upel petrolio isuri dituzte asteburuan Yellowstone ibaira, Montana estatuan, ExxonMobil enpresaren hodi bat apurtu ostean. Gertatutakoaren berri enpresak berak eman du komunikatu batean.
Haustura ostiralean gertatu zen, Laurel eta Billings herrien artean, eta petrolioa 130 kilometrora isuri zuen. Ondorioz, bertako agintariek ibaiaren bi bazterrak ebakuatu zituzten.
Ezbeharra larunbat goizean antzeman zuen Exxonek eta geroago hodia ixtea lordu zuela adierazi zuen. Hala ere, oraindik ez du gertatutakoaren zergatien berri eman.
"Gertaera larria dela onartzen dugu, eta konpontzeko buru-belarri lanean ari gara", esan du Billingsen Gary Pruessin konpainiako presidenteak.
Exxon-Valdezen hondamendia
Exxon burtsan kotizatzen duen munduko enpresa handiena da, 1989ko gertaera batengatik ezaguna. Urte hartan "Exxon-Valdez" petrolio-ontzia Alaskako kostaldean hondartu eta 40 milioi litro petrolio inguru isuri zituen itsasoan, historian izandako ingurugiro hondamendirik handienetakoan.
Istripuak erabateko eragina izan zuen AEBetako petrolio industrian eta haren ondorioz Exxonek segurtasun neurriak hobetu zituen.
Hala ere, Exxonek eta bestelako petrolio enpresa handiek AEBetako ibaietan petrolioa isuritzen jarraitzen dute. Isuri horiek ez dute hainbesteko oihartzunik izaten, itsasoan gertatzen direnek baino eragin txikiagoa izaten dutelako.