Mundua -
Gatazka
AEBak, Iranekin eztabaidatzeko prest, 'aurretiazko baldintzarik gabe'
Defentsa idazkariak argitu duenez, AEBko Kongresuak ez du Soleimaniren hilketaren inguruko informazio osoa jaso, "segurtasun nazionala" babesteko helburuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mark Esper AEBetako Defentsa idazkariak igande honetan adierazi duenez, Iranekin eztabaidatzeko prest daude "aurretiazko baldintzarik gabe, egoera normal bihurtzeko asmoz", herrialde bien artean tentsioa puntu gorenean dagoen une honetan, alegia.
Joan den urtarrilaren 3an AEBk Iraken abiatutako eraso baten ondorioz, Irango Qasem Soleimani jeneral boteretsua hil zen. Eraso horrek eskualde horretan izandako krisirik handiena eragin du. Iranek erantzun zuen AEBk Iranen dituen bi egoitzei eraso eginda, eta 176 bidaiari zeramatzan hegazin komertzial bat suntsituta, misil bat zelakoan (bidaiari guztiak hil egin ziren).
Esperrek aitortu duenez, Irango Gobernua "legitimoa, baina ustela da". Dena dela, "Trump presidenteak ez ditu aurretiazko baldintzarik, eta Irango Gobernuarekin batzartzeko prest gaude".
Suntsitutako Ukrainako hegazkinaren auzian Irango Gobernuak bere erantzukizuna ezkutatu duela salatzeko protestak izan dira azken egunotan Iranen, eta horiek babestu ditu Esperrek. "Irango herria zutik jarri da, euren eskubideak, gobernu hobe bat eta erregimen desberdin bat izatea aldarrikatu dituzte", azpimarratu du.
"Egun gutxitan tamaina handiko eraso bat gertatuko zen informazioa geneukan. Presidenteak uste zuen enbaxada osagarrietan izan zitezkeela eraso horiek, eta nik bat egin nuen iritzi horrekin", esan du Esperrek. "Soleimaniren heriotzak mehatxu hori geldiarazi zuen", ondorioztatu du.
Azkenik, AEBko Kongresuko parte handi batean ezinegona zabaldu da, Soleimaniren hilketaren inguruko informazio faltagatik, eta "segurtasun nazionalarekin lotutako arrazoiak" aipatu ditu Esperrek hori justifikatzeko.