Mundua -

Errusia

Putinek aldaketa konstituzionalak proposatu ditu, eta Gobernuak dimisioa eman du

Putinek, gaur egun Exekutiboaren izendapena egiteko existitzen diren protokoloak errebisatzeko beharra Parlamentuan plazaratu ostean eman du Gobernuaren dimisioaren berri Dimitri Medvedev.

Dimitri Medvedev lehen ministroa eta Vladimir Putin bildu diren aretotik irteten. Argazkia: EFE
Dimitri Medvedev lehen ministroa eta Vladimir Putin bildu diren aretotik irteten.
Errusiako lehen ministroak eta bere gobernu guztiak dimititu egin dute

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Gobernuko kide guztiek dimitituko dutela iragarri du Dimitri Medvedev lehen ministroak. Vladimir Putin presidenteak, Parlamentuan, Exekutiboa hautatzeko protokoloen errebisioa egitearen aldeko hitzaldia eman eta minutu gutxira eman du Medvedevek erabakiaren berri.

Putinek eskumen handiagoak eman nahi dizkio Parlamentuari, Gobernua hautatzeko. Hain zuzen ere, lehen ministroa Ganberak onartzea du helburu agintariaren planak. Putin Errusiako lehen ministro izan zen 2008 eta 2012 urteen artean, presidente kargua hartzeko ezin zelako berriro aurkeztu.

Botere banaketa eredu berri honekin presidenteak ezingo ditu Parlamentuak onartutako hautagaitzak atzera bota, eta behartuta egongo da izendapenak onartzera. Putinek erreferenduma egitea proposatu du zuzenketa konstituzionalak onartzeko.

Erresiako informazio agentzia ofizialaren arabera, Medvedevek aitortu du oinarrizko aldaketak direla eta ez dutela soilik Konstituzioan eragiten, baizik eta Errusiako botere banaketaren orekan ere zeresana emango dutela.

Hori dela eta, Gobernua albo batera geratzea bistakoa dela esan du lehen ministroak, presidenteari beharrezkoak diren erabakiak hartzeko aukera emateko.

Medvedevek Segurtasun Kontseiluko bigarrena izateko eskaintza onartu du. Kontseiluaren zeregina presidenteari segurtasun nazionalaren inguruan aholkuak ematea da.

Vladimir Putin presidenteak Dumari Mijail Mishustin proposatu dio lehen ministro izateko hautagaitzarako Dmitri Medvedeven gobernuaren dimisioaren ostean.

Mijail Mishustin eta Vladimir Putin.

Putinen proposamen nagusiak

Hauek dira Putinek 1993ko konstituzioari egin nahi dizkion zuzenketa nagusiak, Parlamentuari eskumen handiagoak eman eta Errusiako sistema presidentzialista mantentzeko:

1.- Putin ados dago presidentearen agintaldiak bira mugatzearekin. Gaur egun konstituzioak jartzen duen muga bakarra presidenteak bi agintaldiren ostean kargua utzi behar duela da, baina horren ostean berriro itzul daiteke kargura.

2.- Agintariak hemendik aurrera Dumak edo Behe Ganberak lehen ministrorako hautagaitzan bozkatzea nahi du, orain arte oniritzia ematera mugatzen zen bere lana. Ministroordearekin eta Gobernuko gainerako kideekin prozedura bera izango da.

Presidenteak ezingo du Dumaren erabakia atzera bota, baina Gobernua kargutik kentzeko boterea izango du oraindik. Indar Armatuen eta segurtasun organoen gaineko botere zuzena ere mantenduko du.

3.- Presidentziarako hautagai izateko beharrezkoa izango da gutxienez azken 25 urteetan Errusian bizi izana (orain arte 10 ziren), eta ezingo dute errusiarra ez den beste hiritartasunik eduki edo atzerriko herrialderen batean bizitzeko baimenik izan.

4.- Estatuko funtzionarioek ere ezingo dute hiritartasun bikoitzik edo erresidentzia baimenik eduki, ministro eta epaileetatik hasi eta erregioetako buruetara bitarte.

5.- Nazioarteko itunak Errusiako konstituzioa eta errusiarren eskubideak eta askatasunak urratzen ez badituzte baino ez dira ezarriko herrialdean, Putinen proposamenaren arabera.

6.- Errusiako Presidenteak neurri horiek guztiak erreferendum bidez onartzea nahi du.      

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia argazkiak Vladímir Putin albisteak Eguneko albisteak Albisteak