Mundua -

Wuhango pneumonia

Koronabirusak 56 hildako utzi ditu Txinan eta kasuen kopuruak gora egin du munduan

Txina txerto bat garatzen hasi da. Sintomak agertu baino lehen kutsakorra da koronabirusa. AEBek, Japoniak eta Hego Koreak herrikideak hegazkinean aterako dituzte Wuhanetik.

Koronabirusak 56 hildako utzi ditu Txinan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Koronabirusak 56 hildako utzi ditu Txinan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
56 dira jada, koronabirusak jota, hildako lagunak, eta 2.000 inguru kutsatutakoak

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Wuhango pneumonia eragiten duen koronabirus berriari aurre egiteko txertoa garatzen hasi direla iragarri du Txinak. Gaixotasunak gutxienez 56 hildako eta 2.047 kutsatu utzi ditu dagoeneko Asiako herrialdean.

Xu Wenbo Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Zentroaren zientzialariak prentsaurrekoan azaldu duenez, eritasuna sendatzeko erremedioa aurkitzeko lanean ari dira ikertzaileak, "birusaren aurreneko anduia bakartzea lortu ondoren".

Ma Xiaowei Txinako Osasun ministroak baieztatu duenez, sintomak agertu baino lehen kutsakorra da koronabirusa, eta horrek pneumonia hedatzea eragozteko kontrol lana asko oztopatu dezake.

Wuhanen "giltzapeturik" dauden herrikideak hegazkinean aterako dituztela iragarri dute Amerikako Estatu Batuek, Japoniak eta Hego Koreak. Bien bitartean, Frantzia herrikideak autobusean ateratzeko aukera aztertzen ari da.

Txina gaixotasuna gelditzeko eta prebenitzeko neurriak areagotzen ari da. Horrela, 30 probintziak alerta maila gorena ezarri dute.

Animalia basatiak eta bizirik dauden animaliak merkatu, supermerkatu, jatetxe edo merkataritza elektronikoko plataformen bidez saltzea debekatu dute Txinan; izan ere, agerraldia merkatu batean, ohikoak Txina osoan, hasi zela uste dute.

Hiriburuan 50 kutsatu baino gehiago diagnostikatu dituzte. Metro, tren eta autobus geltoki guztiak egunero hiru aldiz esterilizatuko dituzte, baita autobusak eta bagoiak ere.

Gainera, kasu gehiago saihesteko, Pekin, Tianjin (ipar-ekialdea), Xian (erdialdea) eta Shandongen probintzia arteko autobusak bertan behera utzi dituzte. Bitartean, Shanghaik Jiangsuko probintziarekin lotzen duen tren linea aldi baterako itxi du, atzo aurreneko hildakoaren berri izan ostean.

Era berean, Disneylandek ateak ixtea erabaki du Shanghain. Parke tematikoak Hong Kongen duen sukurtsalak ere neurri bera hartu du.

Tibeten ere, oraindik kasurik izan ez duen probintzia bakarra, Lasako Potala jauregia itxiko dute badaezpada.

Txinatik kanpo, Thailandian lau kasu diagnostikatu dituzte (horietako bi sendatu dira), beste lau Australian eta kopuru bera Singapurren eta Malaysian; hiru Taiwanen eta kopuru bera Frantzian, Hego Korean, Japonian (bat sendatuta) eta Amerikako Estatu Batuetan. Era berean, bi kasu antzeman dituzte Vietnamen, bakarra Nepalen eta beste bat Kanadan.

Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) koronabirusaren aurrean "prestatzeko" beharraz ohartarazi die Europako agintariei. Beharrezko neurriak aplikatzen baldin badira soilik, kutsatzeko arriskua "txikia" izango da Europar Batasunean (EB).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Frantzia Gaixotasunak Japonia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Hego Korea Medikuak Australia Erizaintza Kanada Koronabirusa