Mundua -
Armategi militar batean
Gutxienez 200 pertsona hil dira Turkmenistanen izandako leherketetan
Dirudienez, kalte handienak izan dituen udalerria Gunesh da, Abadanetik gertu. Abadan Asjabad hiriburuaren hiri satelitea da. Turkmenistanek Kaspiar itsasoarekin eta Iranekin muga egiten du.
Erredakzioa
200 bat lagun hil dira Turkmenistango hiriburutik gertu armategi militar batean izandako leherketetan, Jronika Turkmenistana egunkari digitalak jakitera eman duenez.
"Datuak bildu dituzten lagunek jakinarazi dutenez, ia 100 hildako soldaduak dira, eta gainerakoak zibilak, umeak barne", azaldu du egunkariak.
Gainera, "telefono mugikor eta bideokamerekin irudiak grabatzen dituzten pertsonak atxilotzeko agindua eman dute agintariek", erantsi du egunkariak.
Antza denez, kalte handienak izan dituen udalerria Gunesh da, Abadanetik gertu. Abadan Asjabad hiriburuaren hiri satelitea da. Turkmenistanek Kaspiar itsasoarekin eta Iranekin muga egiten du.
Bi bertsio
Komunikabide digitalek eta iturri ez ofizialek leherketak armategi militar batean jazo direla jakinarazi dute. Bien bitartean, Turkmenistango Atzerri Ministerioak azaldu duenez, su artifizialetako biltegi batean gertatu dira leherketak.
Turkmenistan Asia erdialdeko Ipar Korea dela diote askok, nazioartean bakarturik dagoelako. Sobietar Batasuneko errepublika ohi da herrialdea.