Mundua -
Sarraskia
Hamar hilotz aurkitu dituzte, burua moztuta, Mexikoko Torreon hirian
Hildakoek 20 eta 35 urte artean dauzkate eta larunbat goizean aurkitu dituzte aparkatutako ibilgailu batean. Haizetakoan, emakumezko baten burua zegoen.
Erredakzioa
Hamar hilotz aurkitu dituzte, lepoa moztuta, Mexikoko Torreon hirian, Coahuila estatuan, iparraldeko lurralde honetako Fiskaltza Nagusiak jakitera emandakoaren arabera. Hildakoetatik hiru emakumezkoak ziren.
Fiskaltzako iturrien esanetan, hilotzak furgoneta batean zeuden, baina burua moztuta zeukaten eta gaizkileek hiriko leku ezberdinetan utzi dituzte gaizkile taldeen mezuekin batera.
Biktimek 20 eta 35 urte bitartean dauzkate eta larunbat goizean aurkitu dituzte aparkatutako ibilgailu batean. Haizetakoan, emakumezko baten burua zegoen.
Torreon hirian hilabeteak daramatzate kartelek eragindako indarkeriaren eraginpean. Kartelak Mexikoko ipar ekialdean droga trafikoa kontrolatzeagatik borrokan ari dira.
41 hildako 24 ordutan
Mexikoko droga kartelen eta Los Zetas gaizkile taldearen arteko norgehiagokak 41 hildako eragin ditu ostiral eta larunbata artean izandako hiru sarraskietan.
Ostiralean 20 pertsona hil zituzten Monterrey hiriko taberna batean eta beste 11 hilotz aurkitu zituzten Valle de Chalco udalerrian, Mexiko hiriko kanpoaldean.