Mundua -
Iruzkina
Arazoak pilatzen ari zaizkio Europar Batasunari
Bruselatik diote gaurko bilera ohikoa dela, baina ez da hala. Izan ere, formatu horretako bilera egiten den lehendabiziko aldia da. Gertatzen dena da Italiarekin piztu direla alarma guztiak.
Jesus Torquemada
Herman Van Rompuy Europar Kontseiluko presidentea hainbat goi kargudun europarrekin bilduko da gaur biharko Ecofin Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia ministroen bilera prestatzeko.
Bruselatik diote bilera ohikoa dela, baina ez da hala. Astelehenetan Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin batzartu ohi da Van Rompuy, baina gaurkoan Europako Banku Zentraleko presidentea, Eurotaldeko presidentea, Ekonomia eta Moneta gaietarako komisarioa eta Ecofineko presidentea ere bertan izango dira, besteak beste.
Formatu horretako bilera egiten den lehendabiziko aldia da. Gertatzen dena da Italiarekin piztu direla alarma guztiak. Greziako krisia Espainiara kutsatzeko zain ziren eta orain, antza denez, Italiak ere badu kutsatzeko arrisku hori.
Ez da harritzekoa, urte asko baitaramatza Italiak zor publiko altuarekin, Barne Produktu Gordinaren % 100aren gainetik. Orain, % 120an dabil eta Espainiakoa, esaterako, ez da % 70era iristen.