Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Buttigiegek Iowako 'caucus'a irabazi du, Sandersek baino boto gutxiago jasota

Buttigiegek ordezkarien % 26,2 lortu ditu, eta Sandersek % 26,1; botoei dagokienez, Sandersek % 26,6 eskuratu ditu, eta Buttigiegek % 25.

Pete Buttigiegek Bernie Sandersek baino ordezkari gehiago eskuratu ditu. Argazkia: EFE.
Pete Buttigiegek Bernie Sandersek baino ordezkari gehiago eskuratu ditu. Argazkia: EFE.
Pete Buttigiegek Bernie Sandersek baino ordezkari gehiago eskuratu ditu. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indiana Estatuko South Bend hiriko alkate ohi Pete Buttigieg Bernie Sanders senatari ezkertiarrari gailendu zaio Ameriketako Estatu Batuetako Iowa Estatuko Alderdi Demokrataren 'caucus'ean (hauteskunde primarioetan). Hain zuzen ere, Buttigiegek ordezkarien % 26,2 lortu ditu, eta Sandersek % 26,1. Botoei dagokienez, aldiz, Sanders gailendu da, % 26,6 eskuratuta; Buttigiegek botoen % 25 erdietsi ditu. Alderdiak ostegun honetan eman du emaitzen berri, hiru eguneko zenbaketa kaotiko eta eztabaidatua amaituta.

Pete Buttigiegek estatu-mailako 564 ordezkari lortu ditu, eta Bernie Sandersek 562. Botoetan, Sandersek 45.826 izan ditu, eta Buttigiegek 43.195.

Bien arteko aldea hain txikia denez, estatubatuar komunikabideek ez dute bat ere jotzen irabazletzat. Hirugarren postuan Elizabeth Warren dago, 387 ordezkarirekin (% 18); Joe Biden presidenteorde ohiak 341 ordezkari ditu (% 15,8), eta Amy Klobuchar senatariak, aldiz, 264 (% 12,3). Warrenek 34.771 boto eskuratu ditu, Bidenek 23.691 eta Klobucharrek 21.181.

Emaitza horiekin, Iowako Alderdi Demokratak, orain, uztailean alderdiak Wisconsinen egingo duen Batzar Nazionalerako 41 ordezkariak banatu beharko ditu. Azaroko hauteskundeetan Donald Trump errepublikanoari aurre egingo dion hautagaia hautatu beharko du Batzar horretan Alderdi Demokratak.

Zenbaketa "kaotikoa"

Iowako Alderdi Demokratak, hala, amaitutzat jo du zenbaketa. Kaotikoa izan da hori, eta zalantza handiak izan dira prozesu osoan. Azken hiru egunetan, zenbaketa hasi zenetik, Buttigiegek eta Sandersek irabazletzat eman dute euren burua; Buttigiegek hauteskunde-gauean bertan esan zuen irabazlea zela, botoen % 0 zenbatuta, eta Sandersek, aldiz, ostegun honetan esan du gauza bera.

Tom Perez Batzorde Nazional Demokratako presidenteak, ostegunean, akta guztiak berrikustea agindu zuen; The New York Times egunkariaren arabera, zenbaketan, nahiz eta asko luzatu den, dozenaka akats daude: "Aski da. Emaitzetan konfiantza publikoa bermatzeko ordezkariak hautatzeko plana ezarrita izandako arazoak ikusita, eskatzen diot Iowako Alderdi Demokratari segituan hasteko zenbaketarekin", eskatu du Perezek.

Hautagai demokratak, orain, New Hampshire Estatuan daude; izan ere, asteartean egingo dituzte bertako primarioak. Iowako desengainuaren ostean, are garrantzitsuagoak dira primario horiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak bideoak Hauteskundeak AEB 2024 Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump