Mundua -
Hauteskunde orokorrak
Hauteskunde orokorrak Irlandan: Sinn Fein eta Fianna Fail berdinduta inkestetan
Ez lukete gehiengo osorik lortuko. Irlandako gizartearen zati handi batek ongi hartu du Sinn Feinen mezua. Varadkarrek (FG) eta Martinek (FF) Sinn Feinekin Gobernurik osatuko ez dutela agindu dute.
Agentzia | Erredakzioa
Leo Varadkar lehen ministro demokristaua ez da faborito Irlandako hauteskunde orokorretan, nahiz eta ekonomiaren egoera ona izan eta brexit-aren kudeaketa arrakastatsua egin.
Hiru milioi pertsonak botoa emateko eskubidea dute. 516 hautagairen artean Dail izeneko ganberaren 160 diputatuak aukeratuko dituzte datozen bost urteetarako.
Inkestek Micheal Martinen Fianna Failen (FF) eta Sinn Feinen arteko berdinketa iragarri dute. Hala ere, ez lukete gehiengo osorik lortuko.
Varadkarren Fine Gael gertu egongo litzateke. Alderdiak bederatzi urte daramatza boterean, baina Dublineko Exekutiboaren buruzagitza duela hiru urte hartu zuen Varadkarrek.
2016ko hauteskunde orokorretatik, demokristauak gutxiengoan ari dira gobernatzen, diputatu independente talde baten babesarekin. Era berean, FFk aurrekontu orokorrak onartzeko eta bozketa erabakigarrietan, zentsura-mozioetan esaterako, abstenitzeko konpromisoa hartu zuen.
Martin oposizioko buruzagiak aurkari nagusiari laguntza eskaini zion. Zentristek FFrekin boterea hamarkadetan partekatu dute. Horrela, Varadkarrek brexit-aren erronkari egonkortasunarekin aurre egin ahal izan dio.
Oraingoan, hauteskundeak gehiengorik gabe irabazten baldin baditu, FGren babes mota berdina onartuko lukeela esan du FFko buruzagiak. Demokristauekin koalizio handi bat osatzeko aukera ere ez du baztertu, bera taoiseach lehen ministro balitz.
Nahiz eta adostasuna lortzeko dei egin, bi politikariek elkarri gogor eraso egin diete kanpainan.
Varadkarrek eta Martinek Sinn Feinekin koaliziorik osatuko ez dutela agindu dute; izan ere, IRA erakunde armatuak Ipar Irlandako gatazkan egindako kanpaina terroristarekin lotzen dute oraindik.
Ezkerreko alderdiaren politikak populistatzat jo dituzte eta ekonomiari kalte egin diezaieketela uste dute, baina Mary Lou McDonald Sinn Feineko buruzagiaren mezua ongi hartu du Irlandako gizartearen zati handi batek.
Gainera, McDonald Gerry Adams buruzagi historikoa baino erakargarriagoa da hautesleriarentzat; izan ere, IRArekin loturarik ez duen abertzaleen belaunaldi berri bat ordezkatzen du.
Hauteslekuak larunbat gauean itxiko dituzte, baina 40 barrutietako botoen zenbaketa ez da igandera arte hasiko.
Behin-behineko lehen emaitzen berri arratsaldean emango dute, baina behin betikoak emateko egunak behar izatea espero da, Irlandako hauteskunde sistemaren konplexutasunagatik.