Mundua -

Euroaren krisia

Italiako Senatuak 79.000 milioi euroko murrizketa plana onartu du

Gobernuaren plana Diputatuen Kongresuan ere bozkatu behar dute, bihar.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako Senatuak Gobernuaren murrizketa plana onartu du. 2014 bitartean, 79.000 milioi euro murriztuko dituzte, egitasmoa bihar Diputatuen Kongresuan ere onartzen badute.

Ministroen Kontseiluak ekainaren 30ean onartutako herstura planak aldeko 161 boto, aurkako 135 eta hiru abstentzio jaso ditu.

Azken egunotan, merkatuen ezegonkortasunaren aurrean, murrizketa planaren zenbatekoa 79.000 milioi euroraino igo da; hainbat neurri berriri esker, hasiera batean aurreikusitakoa baino 32.000 milioi euro gehiago aurreztea espero dute.

Azkenaldian izan den nahasmenak eraginda, Italiako Gobernuak eta oposizioak neurri berrien onarpena aurreratzea erabaki zuten, merkatuei konfiantza emateko. Italiaren zor publikoa bere barne produktu gordinaren % 120ren parekoa da.

Planak lau fase izango ditu: 3.000 milioi euroko murrizketa 2011rako, 6.000 milioi 2021rako, 25.000 milioi 2013rako eta 45.000 milioi 2014rako.

Lurralde eta herri erakundeei 21.600 milioi euro gutxiago emango dizkiete 2011 eta 2014 urteen artean. Halaber, estatu hegaldiak mugatuko dituzte, eta Gobernuko presidenteak, Errepublikakoak, eta Senatuko eta Kongresuko presidenteek egingo dituzte soilik.

Era berean, ibilgailu ofizialen gehiengo zilindrada 1.600 zentimetro kubikoan ezarriko dute, aurretik aipatutako karguen autoen kasuan izan ezik.

Italiako osasun zerbitzuan ere aldaketak izango dira. Gaixoek 10 euro ordaindu beharko dituzte mediku espezialistengana joaten direnean, eta 25 euro larrialdi zerbitzua erabili eta ospitaleratzen ez dituztenean.

Erreformek erretiro-pentsioetan ere izango dute eragina ; erretiro-adina bizi-esperantzari lotuko diote 2013an, eta "urrezko erretiro-pentsioak" (90.000 euro, urtean) ere murriztu egingo dituzte. Italian, erretiro-adina 65 urtekoa da gizonentzat eta 60 urtekoa emakumeentzat.

Halaber, banku-gordailuetan ondorengo tasak ezarriko dituzte: 50.000 euro baino gutxiago dituztenek 34 euro ordaindu beharko dituzte, 150.000 euro baino gehiago dituztenek 70 euro eta 500.000 euro baino gehiago dituztenek 1.100 euro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea