Mundua -
Iruzkina
Murdoch afera AEBetara iritsi da
Murdoch taldeko ika-mika Ipar Amerikara heldu da. FBIk ikerketa bat abian jarri du esklusibak lortzearren irailaren 11ko atentatuetako biktimen senideei entzuketak egin izan zutelakoan.
Jesus Torquemada
Murdoch auzia ondorio larriak uzten ari da politika britaniarrean. Dimisioak bata bestearen atzetik datoz Murdoch taldean, buruetako batzuk atxilotuak izan dira eta Rupert Murdochek berak barkamena eskatu behar izan du prentsan.
Taldeko kide ez direnei ere eragin die eskandaluak. Londresko Scotland Yardeko polizia buruak dimisioa aurkeztu du, hainbat poliziek Murdochen egunkariei sekretuak saldu eta entzuketekin laguntzen zietela jakin denean. David Cameron, lehen ministroak ere ez du lortu begiradak gainetik kentzea. Andy Coluson izan zen urtarrilera arte bere prentsa-aholkulari, pasa den igandean itxi zuten News of the World egunkariko zuzendarietako bat.
Baina guzti horrek ez ditu ondorioak Britania Handian bakarrik utziko, izan ditzake baita ere Estatu Batuetan, bertan komunikabide garrantzitsuen jabe baita Murdoch. Ultraeskuindar estatubatuarraren babesleku den Fox telebista katea besteak beste,. Fox gakoa da datozen hauteskunde presidentzialetarako errepublikarren kanpainan. Etengabe jorratzen du Obama presidentea eta ohikoa da Sarah Palin, Rick Santorum eta Newt Gingrich bezalako pertsonaia eskuindarrenek Fox kateko solasaldietan parte hartzea.
FBIak abian jarri du ikerketa Murdoch taldearen hedabideen aurka; esklusibak lortzearren irailaren 11ko atentatuetako biktimen senideei, entzuketak egin izana leporatuta. Prentsa askatasuna da hori, Murdochen hitzetan.