Mundua -

Boliviako hauteskundeak

Hauteskunde Auzitegiak Moralesi betoa jarri dio eta Arceren hautagaitza baimendu du

Presidente ohiak maiatzaren 3ko hauteskundeetarako bere hautagaitza baliogabetu izana "demokraziaren aurkako kolpetzat" jo du.

Evo Morales presidente ohiaren hautagaitza atzera bota du hauteskunde organoak. EFE
Evo Morales presidente ohiaren hautagaitza atzera bota du hauteskunde organoak.
Evo Morales presidente ohiaren hautagaitza atzera bota du hauteskunde organoak. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boliviako Hauteskunde Auzitegi Gorenak maiatzaren 3ko hauteskundeetarako Evo Moralesen senataria izateko hautagaitza baliogabetu du, eta Luis Arceren presidentea izateko hautagaitza onartu du. Ekonomia ministro ohia eta Sozialismorako Mugimenduaren (MAS) buruzagi indigena da Arce.

Salvador Romero Hauteskunde Auzitegiko presidentearen arabera, Morales presidente ohiak ez du Bolivian bizitzearen baldintza betetzen Cochabambako senatari bezala aurkezteko. Hain zuzen ere, Boliviako hedabideek egoitza baimena behar duela jakinarazi dute.

Arceri dagokionez, baldintzak ez betetzeagatik bere aurka aurkeztutako salaketa atzera bota du Hauteskunde Auzitegiak, eta, beraz, gaituta dago hauteskunde orokorretara aurkezteko.

Bestalde, Diego Paryri eta Mario Cossiori, Potosi eta Tarijako hautagaiei, hurrenez hurren, senatari izateko aukera ezeztatu diete. Era berean, Hauteskunde Auzitegiak betoa jarri dio Jasmine Barrientos presidentetzarako hautagaiari. Ildo horretan, Romerok zehaztu du Hauteskunde Auzitegiaren erabakia apelaezina dela.

Boliviako Hauteskunde Auzitegiaren erabakia ezagutu ostean, Moralesek Hauteskunde Auzitegi Gorenaren erabakia "demokraziaren aurkako kolpea" dela kritikatu du bere Twitter kontuan.

"Hauteskunde Auzitegiko kideek badakite hautagai izateko baldintza guztiak betetzen ditudala", gaineratu du, eta "xedea MAS debekatzea" dela gaineratu du.

Ildo horretan mintzatu da Pary ere, eta zehaztu du haren inhabilitazioa Hauteskunde Auzitegiaren "erabaki politikoa" dela, "legeetatik, Boliviako Konstituziotik eta nazioarteko jurisprudentziatik urruntzen dena". "Baldintza guztiak bete ditut, Hauteskunde Auzitegi Nagusiak onartutako araudiak ezartzen duen bezala", azaldu du sare sozial horretan.

Bestalde, Arcek Moralesen eta Paryren inhabilitazioa kritikatu du eta "legez kanpokotzat" jo ditu. Haren ustez, betoak "agerian uzten du ez dagoela bermerik Bolivian hauteskunde libre, demokratiko eta justu batzuk gauzatzeko". "Debeku hori gaitzesten dugu", adierazi du Twitterren.

Moralesen oposizioko buruzagi nagusiek poztasun handiarekin hartu dute Hauteskunde Auzitegiaren erabakia. Testuinguru horretan, Carlos Mesa presidente ohiak -herrialdea krisi politiko batean murgildu zuen urriaren 20ko hauteskundeetara aurkeztu zen- uste du Boliviako Hauteskunde Auzitegiak legea "behar bezala" aplikatu duela.

Maiatzaren 3ko hauteskundeekin,  urriaren 20ko hauteskundeetan Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) atzemandako "irregulartasunengatik" Bolivian hasitako krisi politikoari amaiera eman nahi diote. Moralesek azaroaren 10ean dimisioa aurkeztu zuen, 30 hildako baino gehiago utzitako indarkeria olde baten erdian. Egun, Argentinan dago, iheslari gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Bolivia Hauteskundeak