Mundua -
Zalaparta Erresuma Batuan
Nor zen entzuketen eskandalua argitara eman zuen kazetaria?
Sean Hoare da Andy Coulson entzuketen eskandaluan inplikatuta zegoela salatu zuen lehen kazetaria. Atzo, bere etxean hilda aurkitu zuten, Polizia heriotza ikertzen ari da.
Erredakzioa
Sean Hoare, News of the World-eko entzuketen eskandalua argitara eman zuen kazetaria hilda aurkitu dute Watforden (Ingalaterra ekialdean), bere etxean.
Hoare Andy Coulson legez kanpoko entzuketekin inplikatuta zegoela salatu zuen lehen kazetaria izan zen. Polizia bere heriotza ikertzen ari da, baina The Guardian egunkariak dioenez ez dirudi bere buruaz beste egin duenik, ezta indarkeria zantzuak dituenik ere.
Antza, Hoarek alkoholarekin eta drogekin arazoak zituen eta lanik gabe gelditu zen. Ruper Murdochen jabetzako The Sun eta News of the World komunikabideetan egin zuen lan.
News of the World tabloidea 2003a eta 2007a bitartean Coulsonek zuzendu zuen, David Cameron lehen ministroaren prentsa buru ohiak (urtarrilean dimititu zuen). Sean Hoare kazetariak 2010eko irailean The New New York Times egunkariari jakinarazi zioenez, Coulson legez kanpoko entzuketen jakinaren gainean zegoen eta gainera, kazetariei entzuketak egiteko eskatzen zien esklusibak lortzeko helburuarekin.
Andy Coulsonek beti ukatu ditu akusazio horiek, baina joan den astean, News of the World zuzendu zuen bitartean Poliziaren agenteak erosi izana eta komunikazioa oztopatu izana leporatuta atxilotu zuten, ordu batzu geroago aske geratu zen.