Mundua -
Entzuketen auzia
Cameronek onartu du agian akatsa izan zela Coulson kontratatzea
Erresuma Batuko lehen ministroa Parlamentuaren aurrean azalpenak ematen aritu da entzuketen auziaren harira.
Erredakzioa
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Parlamentuaren aurrean adierazi du, News of the World egunkariaren legez kanpoko entzuketen inguruan egun dakiena jakin izan balu ez zuela Andy Coulson bere prentsa buru izendatuko.
Cameronek Komunen Ganberaren aurrean deklaratu du gaur entzuketen eskandaluaren harira. Coulson News of the World egunkariko zuzendaria izan zen legez kanpoko entzuketak egin ziren aldian, 2003a eta 2007a bitartean, hain zuzen.
Coulson kontratatzearekin agian erratu egin zirela onartu eta gero Cameronek esan du "egungo ikuspegia ezagututa, agian, ez nion lanik eskainiko". "Baina erabakiak ez dira horrela hartzen, orainaldian hartzen dira. Batek bizi bakarrik ez ikasi ere egiten du, eta benetan, sinistu, ikasi dut", erantsi du.
Coulson kontratatu izana bere ardura dela adierazi du Cameronek "nire erabakia izan baitzen", azaldu du eta sortutako "haserrea" sentitzen duela gaineratu du.
Halaber, Coulsonek entzuketekin zerikusia duela frogatzen bada epaitua izan beharko duela adierazi du lehen ministroak, baina azaldu du nahiz eta "zaharkitua" iruditu, pertsona guztiak "kontrakoa frogatzen ez den artean errugabeak" direla.
Coulson, 2007az geroztik Cameronentzat lanean
Andy Coulson 2007an hasi zen Cameronentzat lanean. News of the World egunkariko kazetari bat legez kanpoko entzuketengatik epaitu zuten eta Coulsonek dimisioa aurkeztu zuen.
2006 eta 2007 urteen artean piztu zen telefono bidezko entzuketen inguruko iskanbila, garai hartan bi pertsona atxilotu zituzten, baina auzia duela bi aste gaiztotu zen hildako neskato baten telefonoa ere zelatatu zutela jakin eta gero.
Murdochek barkamena eskatu zuen
Atzo, asteartea, Rupert Murdoch News Corporation taldeko presidenteak eta bere semeak hitz egin zuten Komunen Ganberaren aurrean eta barkamena eskatu zuten News of the world egunkariak egindako legez kanpoko telefono entzuketengatik.
"Gizonik apalena sentitzen naiz gaur", esan zuen 80 urteko enpresaburu dirudunak Komunen Ganberako Hedabideen Batzordearen aurrean. Murdochek ziurtatu zuenez, ez zekien informazioa lortzeko News of the World-etik Poliziari ordaindu egiten zitzaionik, eta News Internationalek jakin zuenean, Britainia Handiko filiala, ez zuela ikertu onartu du.
Bestalde, Rebekah Brooks News Internazionaleko idazkari delegatu ohiaren hitzetan, informazioa lortzeko detektibe pribatuak erabili zituzten News of the World-en, bera zuzendari izan zen bitartean.
Dena den, Brooksek zehaztu zuenez, 90.eko hamarkadan eta 2000 urteko hasieran Erresuma Batuko prentsa hedabide gehienek detektibeak erabiltzen zituzten, baina datuen konfidentzialtasun lege berriak zirela eta, bertan behera utzi zuten erabilera hori.