Mundua -

Superasteartea AEBn

Bidenek estatu gehiagotan irabazi du, baina Sanders Kalifornian nagusitu da

Kalifornia da, hain zuzen ere, ordezkari gehien banatzen dituen estatua.

Joe Biden, AEBko presidenteorde ohia. Argazkia: EFE
Joe Biden, AEBko presidenteorde ohia.
Bidenen eta Sandersen artean egongo da Alderdi Demokratako hautagaia

1:41

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteorde ohiak bere lehiakide nagusiari, Bernie Sanders senatariari, aurrea hartu dio demokratek atzo egindako superastearteko hauteskunde primarioetan; izan ere, botoa emateko aukera izan duten 14 estatuetatik 8tan irabazi du.

Tokiko hedabideen arabera, Arkansasen, Massachusettsen eta Minnesotan gailendu da Biden, aurretik Alabaman, Ipar Carolinan, Oklahoman, Tennesseen eta Virginian egin zuen bezala.

Hasieran, inkesta gehienek Biden jotzen zuten faboritotzat, baina Iowako 'caucus'ean ez zuen hasiera ona izan. Gauzak horrela, superastearteko hauteskunde primarioak egin aurretik bere aurkari nagusiarekiko abantaila txikia zuen Sandersek, ordezkari kopuruari dagokionez.

Arkansasen, 31 ordezkari daude jokoan, eta AEBko presidenteorde ohiak botoen % 37,3 lortu ditu; Massachusettsen (91 ordezkari) eta Minnesotan (75), berriz, botoen % 33,3 eta % 38,2 eskuratu ditu, hurrenez hurren.

Minnesota, Amy Klobuchar senatariaren jaioterria da, baina Hego Carolinan egindako primarioetan lortutako emaitza txarren ostean alderdi demokrata ordezkatzeko lehia utzi zuen. Dena dela, senataria Bideni eman dio babesa.

Oklahoman (37), Bidenek botoen % 38,2 lortu ditu, eta Tennesseen (64), berriz, % 41,5. Bidenek botoen % 59,5 lortu ditu Alabaman, % 35,3 Ipar Carolinan eta % 53,3 Virginian. Estatu horiek 52, 110 eta 99 ordezkari dituzte, hurrenez hurren.

Sandersek, berriz, Utah, Colorado eta Vermont estatuetan lortu ditu orain arteko garaipenak. Utah estatuan, 29 ordezkari daude jokoan, eta senatariak botoen % 31,4 lortu ditu. Bestalde, Coloradon botoen % 36,2 eskuratu ditu, eta Vermonten, bere jaioterrian, botoen % 50,3. Coloradok 67 ordezkari banatu ditu eta Vermontek 16.

Halaber, Kalifornian nagusitzea lortu du Sandersek. Astearte honetan egindako primarioetako toki garrantzitsuenetako bat da hori, ordezkari gehien baitaude jokoan (415). Boto-emaile hispanoen, zurien eta 30 urtetik beherakoen artean du abantaila. Dena dela, oraindik ez dute Maine eta Texasko emaitzen berri eman, azken hori superasteartean ordezkari gehien banatzen dituen beste estatua (228) da.

Zehazki, AEBko 14 estatuk eta Samoa Estatubatuarrak izan dute alderdi demokrataren primarioetako superasteartean botoa emateko aukera, azaroan izango diren hauteskundeetan Donald Trump AEBko presidentearen aurkaria nor izango den erabakitzeko.

Astearte honetan egindako primarioetan, 1.991 ordezkarietatik 1.357 egon dira jokoan, eta uztailaren 13tik 16ra bitartean, demokratek Milwaukee hirian egingo duten batzarrean izendatuko dute hauteskundeetarako hautagaia.

Errepublikanoen primarioetan Trump nagusitu da

Bestalde, Donald Trump AEBko presidenteak garaipen argia lortu du errepublikanoek egindako primarioetan, aurreikusi zitekeen moduan. Horrek, bigarren aldiz presidentegai izateko aukera bermatzen dio.

Twitter bidez zabaldutako mezu batean, Vermont, Ipar Carolina, Alabama, Oklahoma, Massachusetts, Tennessee, Texas, Colorado eta Maine estatuei eskerrak eman dizkie Trumpek, aurka izan duen Bill Weld hautagaiarekiko lortu dituen emaitzak direla eta. Izan ere, Weldek ordezkari bakarra lortu du soilik primarioak hasi zirenetik.

Trumpek, botoen % 95 baino zertxobait gehiago lortu ditu asteartean primarioak egin dituzten estatu gehienetan, eta Maine eta Ipar Carolina estatuetan boto guztiak (% 100) bereganatu ditu.

Kalifornian, 172 ordezkarirekin, Trumpek botoen % 92 baino gehiago lortu ditu, eta Utah estatuan ere garaipen argia lortu du (% 88).

Beste estatu batzuetan, Virginian adibidez, primarioak bertan behera uztea erabaki du alderdi errepublikanoak, Trump garaile izango zela zalantzarik gabe aurreikusi zitekeelako. AEBko presidenteak, ez du aurkari handirik izan Etxe Zurian lau urte gehiago egoteko bidean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump Hauteskundeak gaur Joe Biden azken albisteak