Mundua -
Atentatu bikoitza
Hileta hunkigarria Norvegian, atentatuetan hildako 93 biktimen omenez
Osloko katedralean izandako elizkizunak Norvegiako hiriburuko erasoan eta Utoyako irlako tiroketan izandako biktimak gogoratu ditu. Harald erregea eta lehen ministroa, besteak beste, izan dira mezan.
Erredakzioa
Norvegiako hiriburuko atentatuaren eta Utoyako irlako tiroketan Anders Behring Breivikek ustez erahildako 93 biktimak gogoratzeko hileta hunkigarria hartu du igande honetan Osloko katedralak.
Harald erregea eta Jens Stoltenberg Norvegiako lehen ministroa, besteak beste, izan dira mezan. Stoltenbergek adierazi duenez, gertatutakoa "tragedia nazionala" izan da.
Katedralaren kanpoaldean, hildakoen omenez, loreak eta kandelak jarri dituzte. "Loreak utzi ditugu jazotakoak Norvegia astindu duelako eta, gugan zirrara handia eragin duenez, gure doluminak erakutsi nahi ditugu", azaldu du Trude-Mettek, 43 urtekoa.
Segurtasun indarrak adi ibili dira aparteko jazoerarik gerta ez dadin. Hori dela eta, armadun soldaduek katedralerainoko kaleak blokeatu dituzte.
Hogei minutu Breivik atxilotzeko
Anders Breivik sarraskiaren ustezko egilea epailearen aurrean eramango dute astelehen honetan. Agintariek jakitera eman dutenez, Norvegiako Poliziak 20 minutu behar izan zituen Breivik atxilotzeko. Gainera, atxiloketaren unean, lehergailu kopurua handia zeraman.
Breivik preso hartzeko operazioa 18:09ean hasi zen, segurtasuneko indar bereziak Utoya irlara heldu zirenean. Ustezko egilea 18:27ean atxilotu zuten. Ordurako, Breivikek ordu eta erdi zeraman lagunak hiltzen, Laborista Alderdiaren kideen biltzar batera ospatzera zihoazen 85 gazte, hain zuzen ere.
Sveinung Sponheim Poliziako bozeramaileak azaldu duenez, segurtasun indarrak kotxez heldu ziren irlara, helikopterorik eskura ez zutelako.