Mundua -
Krisi humanitarioa
Munduko Bankuak 348 milioi euro emango dizkio Afrikako Adarrari
Afrikako zonalde hura lehorte larria pairatzen ari da. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen buruzagiak Erroman dira, premiazko bilera bat egiteko asmoz.
Erredakzioa
Banku Mundialak 348 milioi euro emango dizkio Afrikako Adarrari, bertako lehortea pairatzen ari direnei laguntzeko. Astelehen honetan, hain justu, Erroman bildu dira Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko buruzagiak premiazko bilera bat egiteko, Frantziako Gobernuak eskatuta. Bertan, Afrikako zonalde honetan ematen ari den krisi humanitarioa izango dute hizpide.
"Berehalako laguntza eta susperraldia izango dira lehentasunak, hori dela eta, beharrezkoa da lagun horien sufrimendua ahalik eta lasterren arintzea", azaldu du Robert Zoellick Banku Mundialeko presidenteak, "baina susperraldi ekonomikoa lortzeko epe luzerako konponbideak ere bilatu behar dira".
Banku Mundialak ohartarazi duenez, "aldaketa klimatikoak bultzatuta, lehorteak errepikatuko dira Afrikako zonalde horietan eta beharrezkoa da horretarako prest egotea". "Janarien prezioen gorakadak 44 milioi lagun pobreziara bultzatu ditu eta prezioak % 10 berriro garestitzen badira, beste 10 miloi lagun txiro bihurtuko dira".
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, egungo krisia Afrikako Adarran du eragina, Kenia eta Ugandako Karamoja erregioa hartuta. Somalia da herrialderik kaltetuena. Izan ere, joan den asteazkenean gosete egoera ezarri zuten Somalian bertan Nazio Batuek.