Mundua -
Zorraren krisia
Obamak ohartarazi du AEBak krisi 'sakon' arriskuan daudela
Demokratak eta errepublikanoak ez dira gauza gastu-muga handitzea onartzeko, herrialdea ordainketa-etenduran sartzeko astebete falta denean.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak ohartarazi du gastu-muga handitzeko akordioa lortu ezean, herrialdea krisi ekonomiko "sakonean" sartuko dela, eta, beraz, Kongresuari presio egiteko eskatu die herritarrei.
AEBak ordainketa-etenduran sartzeko astebete falta denean (abuztuaren 2an), Obamak agerraldia egin du Etxe Zurian, negoziazioak desblokeatzen saiatzeko.
"Defizita murrizteko ikuspegi orekatua nahi baduzue, Kongresuko zure ordezkariak jakin dezan", esan du Obamak.
Ordainketa-etenduran sartzeko atzera zenbaketa gordina izaten ari da AEBetako presidentearentzat. Izan ere, akordioa lortzen dutenean, Ordezkarien Ganberak eta Senatuak onartu beharko dute, eta presidenteak sinatu egin beharko du. Eta dena astebete eskasean.
Obamaren hitzetan, ordainketa-etenduran sartzea "zuhurtziagabekeria" litzateke, ez bailukete dirurik izango gizarte segurantza, militar ohien pizgarriak eta milaka enpresarekin sinatutako kontratuak ordaintzeko.
Halaber, AEBen zorraren kalifikazioak "A hirukoitza" (maila gorena) galtzeko arriskua dagoela ohartarazi du. Ondorioz, "munduko inbertitzaileek AEBak apustu ona diren zalantza izango dute".
Nolanahi ere, "oraindik ere" akordioa lortzea posible dela uste du.
Negoziazioak
Altxor Departamentuak abuztuaren 2 arteko epea eman du Goberu federala ordainketa-etenduran sartzeko.
Demokratek gastu publikoa 2,7 bilioi dolarretan murrizteko plana aurkeztu dute, baina zergak igo barik.
Euren aldetik, errepublikanoek 3 bilioi dolarreko plana aurkeztu dute. Gastu-muga urtea bukatu arte baino ez lukete igoko, eta 2012ko urtarrilean, hauteskunde kanpainan barrena, beste muga bat bozkatzea proposatu dute.