Mundua -

Gobernu komunistaren buru

Raul Castrok 5 urte bete ditu boterean Kuba 'gaurkotzeko' erronkarekin

Kubako presidenteak bost urte bete ditu igande honetan gobernu komunistaren buru. Bere erronka eredu sozialista "gaurkotu" eta krisia gainditzea helburu duten erreformak aurrera ateratzea da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Raul Castro Kubako presidenteak igande honetan bost urte bete ditu gobernu komunistako buru. Bere erronka nagusia eredu sozialista "gaurkotu" eta ekonomia astintzen ari den krisia gainditzen lagunduko duen erreforma sorta aurrera ateratzea da.

Ofizialki, 2008ko otsailaren 24an hautatu zuten Raul Castro Estatuko Kontseiluko presidente, baina 2006ko uztailaren 31n hartu zuten erregimenaren gidaritza bere anaia Fideli politikatik aldendu zuen ebakuntza bat egin baitzioten.

Castrok, beraz, 80 urterekin Kubako Alderdi Komunistako agintea hartu zuen, anaiak osasun arazoak tarteko, herrialdeko iraultza alde batera uzteko erabakia hartu ostean. Modu horretan, Castro anaietako gazteena egin zen irlako gidaritzarekin.

Fidel ordezkatu eta hilabete gutxira hasi zen agintari berria nazioarteko ekonomia krisiari aurre egiteko aldaketak bultzatzen.

Halaber, 2008an Estatu buru hautatu zutenean hitz egin zuen lehenengoz "indar produktiboen garapena ekidin dezaketen trabak" ekiditeko beharraz.

Hartutako neurriak

Bultzatu zuen lehen neurria ordenagailuak, telefono mugikorrak eta bestelako etxetresna elektrikoak saltzeko baimena ematea izan zen, ordura arte galarazita baitzeuden. Kubatarrek hoteletan lo egiteko zuten betoa ere altxa zuen.

Gainera, laborariei lehenengo aldiz beren ekoizpenak publikoari zuzenean, baimenak eskatu barik, saltzeko eskubidea ere eman zitzaien.

Hori guztia izan zen Kubako iraultzan aldaketa politiko eta ekonomikoa ekarriko zuten neurrien hasiera.

Burokrazia eta giza eskubideak

Erabaki horiek guztiak hartu ostean, Raul Castrok eskema politiko, ekonomiko eta soziala aldatzeaz gain, burokraziari eta ustelkeriari amaiera ematea jarri zuen helburu moduan, horiek baitira gizarteak dituen arazorik nagusienak.

Raul Castroren iritsierak aldaketa eskatzen zutenen artean itxaropen pixka bat piztu zuten. Baina, bere aurkari gehienek agintean Fidelek bultzatu zuen autoritarismoaren eta errepresioaren jarraipena soilik ikusten zuten.

Hori bai, irlako buruzagi berria ika-miken erdian jarri zuen ataletako bat Orlando Zapata Tamayo presoaren heriotza izan zen. 2010eko otsailaren 10ean hil zen presoen baldintzak salatzeko 85 egun iraun zuen gose-greba egin ostean

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea