Mundua -

Gaixotasunak sendatzeko

'Treneko terapia'k indonesiar gaixo ugari erakarri ditu

Indonesiar askoren iritziz, ustez trenbidetik pasatzen den energia elektrikoak gaixotasunak sendatzeko balio du.

Indonesiarrak trenbidean eserita energia elektrikoa jasotzeko asmoz. Argazkia: EFE
Indonesiarrak trenbidean eserita energia elektrikoa jasotzeko asmoz. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indonesiar ugarik "treneko terapia"ren bidez sendatu nahi dituzte beren gaixotasunak. Trenbidearen gainean eseri eta eskuez errailei helduz gorputzarentzat onuragarria den ustezko energia elektrikoa jasotzean oinarritzen da metodo arriskutsu hau.

Erreumatismoa, eskoliosia, artritisa, hipertentsioa, insomnioa edo beste gaitzen bat duten indonesiarren ustez, trenbidetik ustez igarotzen den energia elektrikoak gaixotasunak sendatzen ditu.

Inork ez daki nork asmatu zuen bizitza arriskuan jartzeko modu hau asmatu zuena, baina, duela urte batzuetatik hona, ilundu baino lehen ehunka indonesiar biltzen dira iluntzero Cengkarengo geltokitik gertu, trenbideko errailetan. Esamesen ondorioz oso ezaguna egin da geltoki hau eta Java uharteko hainbat lekutatik eta urrutiagotik ere etortzen dira gaixoak, bertako errailetan esertzera.

Subiarsa 43 urteko gizonak Efe albiste agentziari esan dionez, egunero egiten du "treneko terapia" eta horrek hanka batean zeukan mina sendatu dio. "Hainbat oinaze kentzeko etortzen da jendea egunero hona: diabetea, giharretako minak, migraina...", gaineratu du Subiarsak.

Agintariek behin eta berriz ohartarazi dituzte herritarrak metodo berri honen arriskuaz eta, gainera, sendatzeko balio ez duela ere esaten diete. Hala ere, jendeak ez du kasurik egiten. Suari Cengkareng geltokiko nagusiak esan duenez, geltokiko langileak aztoratuta daude geltokian gaixotasunak sendatzeko asmoz elkartzen direnekin. Indonesian trenbideen inguruan egindako azken estatu araudiaren arabera (duela lau urte inguru onartu zen), trenbideak garraiorako bakarrik erabili daitezke. Hala ere, indonesiarrek ez entzunarena egiten dute agintariek emandako abisuen aurrean eta trenbidean esertzen jarraitzen dute. Horietatik asko egunero joaten dira, gainera. Fenomenoaren eraginez askoz ere biziago daudela esaten dute indonesiar batzuek.

Poliziak esan duenez, arazo soziala da hau eta ez du zerikusirik herritarren segurtasunarekin. Hortaz, jendea trenbidean etzaten denean, agenteak ez dira asaldatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea