Mundua -
Perfila
Mubarak, bere zigorrik handienari aurre egin behar dion 'faraoia'
Egiptoko presidente ohiak, 30 urtez herrialdea irmotasunez zuzendu eta gero, bere herritarren gaitzespenari aurre egin beharko dio gaurtik aurrera.
Erredakzioa
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiak, 30 urtez herrialdea irmotasunez gobernatu ondoren Faraoi ezizenez ezaguna denak, beretzako jada zigorrik handiena denari aurre egin behar dio gaur, epaiketan: bere herritarren gaitzespenari.
30 urtez Mubarakek zorroztasunez gobernatu zuen Egipto (arabiar munduko herrialderik jendetsuena), baina, aldi berean, paternalismo dosi handiekin, egiptoarrak "seme"tzat hartzen baitzituen.
Urtarrilaren 25eko iraultzan manifestarien aurkako erasoak antolatzea leporatu diote orain Mubaraki. Altxamendu horrek agintea uztera behartu zuen.
1928ko maiatzaren 4an jaio zen, Niloko Deltan, gerrako pilotu egin zen, eta Israelen kontrako Yom Kippurreko gerran paper garrantzitsua jokatu zuen, Egiptoko Aire Armadako buru bezala.
Kargu horretan 1975. urtera arte egon zen, garai hartan presidente zen Anuar El Sadatek presidenteorde izendatu zuen egunera arte. 1981ean, Sadat hil egin zuten, eta bat-batean presidente bilakatu zen Mubarak.
Ekialde Erdikoko bitartekari nagusia izan nahi zuen, Israelekiko bakeari eutsita, eta, Estatu Batuen laguntzarekin batera, estatu-politikari ospea lortzea eragin zion horrek. Mendebaldeko herrialdeen aliatu bilakatu zen, Ekialde Erdikoan.
Terrorismoaren aurkako borroka aitzakiatzat hartuta, 90eko hamarkadan Egipton izan zen terrorismo islamiarraren goraldia kontrolatzeko, segurtasun organoen botereak handitu eta eskubide zibil eta politikoak bertan behera utzi zituen, Larrialdi Legea ezarrita.
Pixkanaka, askatasun faltak, ustelkeriak, ezberdintasun sozial gero eta handiagoek eta pobreziak (80 milioi egiptoarren % 40 egunean bi dolarrekin bizi dira) oposizioak aurrera egitea eragin zuen.
2011ko urtarrilaren 25ean, Tunisiako matxinadan inspiratutako Egiptoko protestak hasi ziren, erreforma politiko eta ekonomikoa eskatzen zuten, eta Mubarakek dimisioa aurkeztea.
Mubarakek etxeratze-agindua inposatu, Gobernua aldatu, erreformak agindu eta bere burua hurrengo presidente-hauteskundeetara ez zuela aurkeztuko adierazi zuen. Halere, ez zuen protestak baretzea lortu, eta, 18 eguneko matxinaden ostean, Presidentetza kargua utzi zuen otsailaren 11ean, .